“Haurrekin hasi gara Saltaka taldean, behetik gorako lana egiteko”

Baleike 2015ko ots. 20a, 09:14

Joan den irailetik dozena bat haur eta gaztetxok osatzen dute Zumaiako Saltaka taldea. Astean bitan biltzen dira korrika saioak egin eta teknika entrenatzeko, eta asteburuan Gipuzkoako eskola arteko lasterketetan hartzen dute parte. “Lehen urratsak baino ez dira, baina gustatzen zaie korrika egitea eta ikusiko dugu talde honek zer ibilbide egiten duen”, azaldu du Kirol Patronatuko teknikari Fran Aizpuruak. Bihar Zumaiako Herri Lasterketan hartuko dute parte.

“Joan den ikasturtean guraso batzuk etorri zitzaizkigun, ea posible ote zen Zumaian haurrentzako atletismo talde bat sortzea. Zumaian ez zegoen ezer antolatuta eta haurrek atletismoan aritzeko Zarautzera joan beharra zuten. Pentsatu genuen Kirol Patronatutik erantzun bat eman behar genuela”. Oraingoz ez da elkarterik sortu, eskola kirolean hartzen dute parte, talde modura. “Hasi baino ez gara egin, eta nahiago dugu pixkanaka joan. Hamabi korrikalari dauzkagu eta gehienak alebin eta infantil mailakoak dira. Horiek eskola kiroleko lasterketetan hartzen dute parte. Gero, baditugu bi kadete. Horiei fitxa egin diegu, independiente modura”.

Astean bi entrenamendu saio egiten dituzte, astearte eta ostegunetan, 17:00etatik 18:00etara. “Batik bat teknika erakusten diegu, lasterketa batean nola jokatu behar den. Adibidez, Lasarteko eta Elgoibarko krosean hartu zuten parte, eta dagoeneko hasi dira emaitza politak lortzen. Oraindik dena daukate ikasteko, baina ikusten ari gara batzuk badutela segitzeko gogoa”. Taldeak zer etorkizun izan dezakeen ikusteke dago. “Datorren urterako badakigu haur gehiago etorriko direla, baina ikusi behar da urtetik urtera zer gertatzen den; kirol asko daude aukeran, eta normala da haurrek kirol bat baino gehiago probatu nahi izatea”, dio Aizpuruak.

Hasieratik izan dute garbi Kirol Patronatuan behetik gorako lana egin nahi dutela. “Badakigu heldu asko daudela korrika ibiltzen direnak, baina taldea haientzat sortzeak ez du zentzu handirik. Guretzat garrantzitsuena da haurrekin lanean hastea, heziketa lan bat egin ahal izatea, eta denborarekin gehiago sakondu nahi badute, serioago hartu, lagunduko dugu horretan ere”.

Orain arte distantzia erdiko probetarako prestatu dira, krosetarako. Baina laster pistako denboraldia hasiko da eta abiadurako lasterketak hasiko dira entrenatzen. “Zumaian ez daukagu azpiegiturarik atletismoko beste probak – jauziak, jaurtiketak eta abar– prestatzeko. Oraingoz korrika landuko dugu”.

Lasterketetara joateko gurasoak antolatzen dira, eta oraingoz haurrak oso gustura dabiltzala azpimarratu du Aizpuruak. “Lasarteko edo Elgoibarko krosean parte hartzea oso polita izan zen beraientzat, aukera izan zuten maila handiko korrikalariak ikusteko, beren adineko beste haur batzuk ezagutzeko, haiekin alderatzeko… Ilusio handiarekin dabiltza”. Saltaka taldean parte hartu nahi duten haurrek ateak zabalik dituzte. Fran Aizpuruarengana jo eta entrenatzen has daitezke.