"Zenbat eta gehiago sailkatu hondakinak, orduan eta merkeago aterako zaigu kudeaketa"

Baleike 2015ko ots. 10a, 16:26

Oraindik ez dago data zehatzik Zumaiako hondakinak kudeatzeko sistema berriarentzat baina, dena ondo bidean, hauteskundeen aurretik martxan izango dela espero du Udal Gobernuak.

Hurrengo egunetan bi deialdi egingo dituzte txip elektronikoak eta errefusaren edukiontziak kontratatzeko. Enpresek 15 eguneko epea izango dute eskaintzak aurkezteko. Bitartean, Udal Elkartearekin ari dira aztertzen edukiontziak non jarri. Gaur egun 55 inguru dira errefusa biltzeko dauden edukiontziak, baina sistema berriarekin gehiago izango dira –txikiagoak dira–.

Udalak 60.000 euroko inbertsioa aurreikusi du sistema berria martxan jartzeko. Bilketarako erabiltzen den kamioia ere egokitu egin behar da, edukiontziak estuagoak direlako. Beste kontu bat da kudeaketaren kostea. Hor ekuazioa garbi du Udal Gobernuak: “Zenbat eta gehiago sailkatu, orduan eta merkeago aterako zaigu kudeaketa”. Gaur egungo sailkatze kopuruekin garestiago da sistema berria, baina %60tik gora sailkatuz gero merkeago ateratzen dela kalkulatu dute. Eta badago aurrekari bat sistema berri honekin. “Tolosan erabiltzen dute oso antzeko sistema eta %70 sailkatzera iritsi dira”.

Sistemaren ezaugarriak

Papera, beira eta ontzi arinak biltzeko orain arteko sistemarekin jarraituko da. Errefusan eta organikoan daude aldaketak. Alde batetik, edukiontzi txikiagoa jarriko dira, familia gutxiago izango dira edukiontzi bakoitzeko eta gainera bakoitzari dagokion edukiontzia baino ezingo da erabili. Horretarako txip elektronikoa izango dute bi edukiontzi horiek. Erabilera ez da mugatuko, edozein momentuan bota ahal izango dira hondakinak edukiontzira.

Erabilera zuzena ote den kontrolatzeko sistema zorrotzik ez du eskaintzen kudeaketa modu honek. Herritarra behartzen du beti edukiontzi berbera erabiltzera eta erabiltzaile gutxiago izango dira edukiontzi bakoitzeko, baina poltsa bakoitzaren jatorri pertsonalizatzeko aukerarik ez du ematen –hasiera batean baloratu zen poltsa bakoitzak erabiltzailearen kodea eramatea, baina sistema hura baztertu egin zen, oso garestia zelako–. Kale hezitzaile bat kontratatuko da sistema ezartzen laguntzeko eta zenbait hilabetez kalean izango da erabilera egokia sustatzeko. Ondoren, hondakin biltzaileen kargu geldituko da hondakinak ondo sailkatzen ditugula kontrolatzea.