Iñaki Osa Goikoetxea: “Miamiko frontoia utzi eta etxera bueltatu naiz”

Baleike 2015ko ots. 3a, 19:30

Miamiko pilotalekuan lan baldintzak zeharo eskastu dira eta nahikoa dela erabaki du. Bizitza erdia AEBetan egin ondoren, hura atzean utzi eta Zumaiara bueltatu da.

Ia astebete darama Zumaian, eta apenas izan omen du ezer egiteko astirik. “Etxea txukuntzen ari gara. Zazpi maleta ekarri genituen, eta bidean da edukiontzi handi bat, Miamiko etxeko traste piloarekin, eta kotxearekin”. Zama arinagoarekin joan zen etxetik duela 18 urte, egun batetik bestera, artean ia nerabe. Orduz geroztik jaun eta jabe izan da pilotaleku luzean, hamaika txapel irabazi ditu eta bere izena handienen pare utzi du idatzita.

Uda partera arte ez zarete normalean herrira etortzen. Zer gertatu da oraingoan?
Miamiko frontoia utzi eta herrira bueltatu naiz.

Betirako utzi duzu Miami?
Bai, 18 urte egin ditut Ameriketako Estatu Batuetan, eta bueltatzeko orduan iritsi da.

Zuk beste hiruzpalau urte egiteko gogoa zenuen
Bai, nire asmoa zen oraindik beste hiru edo lau urtez han jarraitzea eta gero Zumaiara bueltatzea. Nik garbi izan dut beti herrira bueltatuko nintzela nire kirol ibilbidea amaitzean, baina nik uste baino lehenago etorri da.

Zer gertatu da orduan?
Miamiko pilotalekuan lan baldintzak zeharo eskatu dira. Jabe berriak hartu du kasinoa eta eta ahalik eta diru gutxien gastatu nahi du zesta puntan. Soldata guztiak gutxienekora jaitsi ditu –1.800 dolar–, denak maila berean jarri gaitu. Hiru urteko kontratua eskaini zidaten, baina soldata %67 jaitsita. Seguru medikua ere pilotariak ordaindu behar du orain –2.000 dolar–, apustu egiteko makinetatik zegokigun zatia ere kendu egin digute… Gauza asko dira. Baina funtsezkoena, zesta punta ez zaiola interesatzen, eta ahalik eta diru gutxien gastatu nahi du pilotalekuan.

Baina kasinoek zesta punta behar dute lizentzia lortzeko, ezta?
Horixe izan da gaur arte gure heldulekua AEBetan zesta punta profesionala mantentzeko. Legea alde izan dugu. Baina hori ere aldatzera doala dirudi. Floridako kasino jabeak indarra ari dira egiten legea aldatzeko eta badirudi eragina izaten ari direla hainbat politikari garrantzitsuren artean. Maiatzean berriak egon daitezke gaiaren inguruan, eta ez oso onak.

Lege hori bertan behera gelditzen bada eta kasinoek ez badute frontoia mantendu behar lizentzia lortzeko, orduan zer etorkizun gelditzen zaio zesta puntari?
Bereak egin du.

Zuk hura utzi duzu eta etxera bueltatu zara. Asko kostatu al zaizu erabakia hartzea?
Joan den urteko maiatzetik ibili gara jabe berriarekin borrokan, eta epaitegian irabaziko genuela uste genuen, hala esan zigun abokatuak. Baina azkenean ez da hala izan. Nik pentsatzen nuen hilabete batzuk gehiago luzatuko zela kontua, baina azkenean horrela gertatu dira gauzak eta baldintza haiekin nik garbi neukan ez zuela pena merezi han segitzea.

Pilotari gehiago bueltatu al dira?
Oraingoz ni bakarrik. Baina ea hurrengo hilabeteotan zer gertatzen den.

Eta hemen, Euskal Herrian, zesta puntan segitzea al da zure asmoa?
Bai, nik jokatzen jarraitu nahi dut. Kontua da hemen oraingoz udan bakarrik antolatzen direla torneoak. Beste lanen bat aurkitu beharko dut. Han egiten ari nintzen ikasketak ere bukatu nahi ditut.

Eta AEBetan zesta puntari ateak ixten bazaizkio, agian momentua da Euskal Herrian suspertzeko ahalegina egiteko, ezta?
Oker bat gertatu behar izaten da batzuetan egoera aldatzeko. Ikusiko dugu. Pilotariak bueltatzen badira, agian antola daiteke urte osorako egutegia. Federazioa ere ari da zesta punta pizteko lanean. Guk horren alde egingo dugu lan.