Saria lortu du Urola Kostak kalitatezko leku turistikoen lehiaketan

Baleike 2015ko urt. 28a, 11:47
IƱaki Agirrezabalaga Zumaiako alkatea, Maria Jesus Arruabarrena Aiako turismo zinegotzia, Amaia Guruzeta Udal Elkarteko lehendakaria, Juan Luis Illarramendi Zarauzko alkatea eta Nika Lertxundi Getariako alkatea.

Urola Kostak SICTEDeko 2014KO TURISMO DESTINO ONENEN lehiaketako lehen finalistaren saria eskuratu du. 

Zer da SICTED?

SICTED (Sistema Integral de Calidad Turística en Destinos) turismoa jasotzen duten lurralde eremuetan turismo eskaintzaren kalitatea hobetzeko proiektua da. Sistema horren barruan 183 turismo helmuga eta 5.000 enpresa inguru daude. Sistema horretan dauden eskualde, udalerri edo enpresek beren eskaintzan eta lan prozesuetan kalitatea hobetzeko urratsak egiten dituzte, metodologia jakin baten arabera. Azken helburua da turista eta bisitariei ahalik eta kalitate oneneko zerbitzuak eskaintzea eta zerbitzu horiek etengabe hobetzeko prozedurak ezartzea.

Urola Kosta

Gure eskualdea 2006an hasi zen turismo helmuga gisa kalitatea hobetzeko lanak egiten. Lan horiek era koordinatuan garatu dituzte eskualdeko udalek, turismo bulegoen eskualdeko lan mahaiaren bidez. Une honetan, guztira, turismo sektoreko 76 enpresa ari dira programa honetan parte hartzen (ostatuak, jatetxeak, tabernak, museoak, turismo aktiboko enpresak…). Parte hartzaileek lehiakortasuna hobetzeko programa bat egiten dute, 4 ziklo dituena (4 urte). Ziklo bakoitzean prestakuntza eta laguntza teknikoa ematen zaie prozesua barneratzeko eta gero ebaluazio bat egiten zaie.

Sariak, V. edizioa

SICTEDek lehiaketa bat egiten du urtero, kalitatea sustatzeko lan horretan destino edo helmuga onenak hautatzeko. 2014koa V. edizioa izan da. Urola Kosta eskualdeak lehen finalistaren saria eskuratu du 2014ko SICTEDeko turismo destino onenen lehiaketan. Sistema horretan sartuta dauden turismo helmuga ezagun eta ospetsuak kontuan hartuta, sari garrantzitsua eskuratu du gure eskualdeak.

Gure eskualdeak saria jaso badu izan da, batetik, udalek sektorean kalitatea sustatzeko ahalegina egin dutelako, baina, bereziki, lehiakortasuna hobetzeko programetan parte hartu duten enpresek (eskualdeko 76 enpresak, ostatu, jatetxe, turismo enpresa…) egin duten ahaleginarengatik. Udalek biziki eskertu nahi diete beren ahalegina.

Sariak banatzeko ekitaldia urtarrilaren 29an izango da (datorren ostegunean), FITUR azokan. Han izango da dira gure udal ordezkariak.

Eskualdeko ordezkariak FITURrera

Urtarrilaren 28tik otsailaren 1era turismo arloko nazioarteko azoka egingo dute Madrilen (FITUR). Getaria, Zarautz eta Zumaiako alkateak eta turismo bulegoetako arduradunak FITURen izango dira. Udal Elkarteko lehendakaria ere bertaratuko da, saria jasotzera. Urola Kosta eskualdeak bere txokoa izango du Euskadiko standean (Euskal kostaldea/Costa Vasca izenarekin), gure eskualdeko turismo baliabideak erakusteko.