Turista kopuruak gora egin du nabarmen 2014an

Baleike 2015ko urt. 21a, 09:48

Turismo bulegotik 39.038 bisitari pasa ziren 2014an, aurreko urtean baino 8.551 gehiago –%28,05eko igoera–. 2015erako aurreikuspenak ere oso onak dira.

Zumaiak gero eta bisitari gehiago erakartzen ditu azken urteotan. Joan den urtean Ocho apellidos vascos pelikulak izan zuen eraginik, baina turismo bulegoko arduradunek uste dute beste arrazoi batzuk daudela etengabeko goranzko joeran. "Turismo bulegora etorri direnak ez dira etorri pelikulako lokalizazioen bila soilik. Gauza gehiago eskatu dituzte, bisita gidatuak, adibidez", azaldu du turismo teknikari Esti Iruretak. 

Izan ere, Geoparkea jakinmin handia ari da pizten, ez bakarrik Zumaiako turismo bulegoan. "Inguruko turismo bulegoetan ere informazioa eskatzen dute Geoparkeari buruz". Datuak esanguratsuak dira: bisita gidatuek %60 egin dute gora, batik bat Flysch-a itsasontziz ezagutzeko aukera ematen duena da arrakasta gehien izan duena.

Gabonetako datuak ere oso onak izan dira, eta 2015erako aurreikuspenak bide beretik doaz. Gainera, Aste Santurako martxan izango da Basustako kanpina, eta horrek neurri batean konponduko du bisitariei ostatu eskaintzeko dagoen gabeziaz.