Baleike.eus aurkeztuko dugu asteazkenean

Baleike 2015ko urt. 19a, 11:29

Aurkezpena Oxford aretoan egingo dugu, 19:00etan. Berrikuntzen artean, herriko elkarte, talde eta norbanakoentzat sortutako Komunitatea tresna, zumaiarrentzat sortutako sare soziala. Tokikomek tokiko hedabideentzat bereziki landutako plataforma digitaleko kide izango da Baleike.eus, beste hainbat hedabiderekin batera. Baliteke asteazkena bitartean webgunea ordu batzuk eten behar izatea, lan teknikoa behar bezala egin ahal izateko

Komunitatea

Matrikula aldatzeaz gain (puntucom-etik puntueus-era), hainbat berrikuntza izango ditu Baleikeren webgune berriak. Asteazkeneko aurkezpenean azalduko ditugu zehatzago, baina Komunitatea izeneko tresna nabarmendu nahi dugu bereziki. Azken urteotan erabat orokortu da sare sozialen erabilera, ia edonork dauka kontua Facebooken edo Twitterren, eta gure egunerokoan komunikatzeko ohiko tresna bihurtu dira. 1994an Baleike.com sortu genuenetik gure helburuetako bat izan da webgunea herritarren eskura jartzea, norberak bere berri, iritzi edo edukiak argitaratzeko aukera ematea. Aukera hori beti eman dugu eta gaur egun ere erabil daiteke, baina ohartu gara tresna berriago, osoago eta erosoago bat behar genuela gaur egungo ohiturei egokitzeko.

Horregatik sortu dugu Komunitatea, zumaiarrentzat pentsatutako sare soziala. Zerbait komunikatzeko duen edonork perfila sortu eta edukiak argitaratzeko aukera izango du Baleike.eus-en; gainera, norberak izan ditzakeen beste webgune, blog edota beste sare sozialetako kontuekin lotu daiteke, edukiak batean eta bestean argitaratzeko. Komunitateko kideak sortzen duen edukia gordetzen dira bere perfilean, mikroblog moduko bat osatuz. Elkarte eta taldeentzat oso tresna eraginkorra da beraien albiste edo deialdien berri emateko, baina baita Interneteko plaza publikoan zerbait esan (komentario motzak, iradokizunak, albisteak, deialdiak…) edo erakutsi (argazkiak, bideoak…) nahi duten herritarrentzat.

Asteazkenean azalduko ditugu Komunitatearen ezaugarri guztiak, eta webguneak dauzkan gainontzeko berrikuntzak eta etorkizunerako aukerak.

Tokikom plataforma

Joan den urteko ekainean hamar urte bete zituen Baleike.com webguneak, eta ibilbide horretan pixkanaka ezinbesteko bihurtu da zumaiarren egunerokoan. Baina Internet eta mundu digitala aurrera doaz, sekulako abailan, eta etengabe berritu beharra dago sortzen zaizkigun premia berriei erantzun ahal izateko. Erritmo horri eustea erronka gero eta handiagoa da Baleikerentzat eta gainontzeko toki hedabideentzat. Horregatik, indarrak batzeko Tokikom sortu genuenean erabaki genuen proiektu estrategikoa zela Interneten beti aurrean egotea ahalbidetuko zigun plataforma bat sortzea. Plataformarekin bat egiten duen hamargarren hedabidea izango da Baleike.eus, eta 2015ean gehiago izango gara. Horri esker, aurrerantzean talde indartsu bateko kide izango gara, etengabe berritzeko gaitasuna izango duena, gure erabiltzaileen premiei aurre hartzeko gai izango dena, eta inbertsioak elkarrekin egingo dituena.