“Pulporekin Espainiako zortzi onenen artean sartzea da hurrengo erronka”

Baleike 2015ko urt. 13a, 22:40

Euskadirekin Espainiako Txapelketa irabazi ondoren, Pulpoko jubenilekin zerbait handia egin nahi dute aurten Ander Torriko, Mikel Martinez eta Kauldi Odriozolak. Larunbatean omenaldia jaso zuten Pulpo-Santoña partidaren atarian –16-19 galdu zuen Pulpok–, Xabier Letamendia entrenatzailearekin batera. Oropesa del Marren bizitako esperientzia kontatu digute, mahai baten bueltan.

Espainiako Txapelketako palmaresa begiratzea nahikoa da ohartzeko joan den astean gazte mailako Euskadiko eskubaloi selekzioak lortutako garaipenak benetan urrea balio duela. “Jubeniletan, Espainiako Txapelketa irabazten den bigarren aldia da hau; aurrekoa 2001ean izan zen”, argitu du Xabier Letamendia entrenatzaileak.

Kadete mailako mutilen entrenatzailea da Letamendia, baina joan den asteazkeneko finalean laguntzaile lanak egin zituen jubenilekin. Izan ere, oso ondo ezagutzen ditu txapelketan zeresan handia eman duten Pulpoko hiru jokalariak: Ander Torriko, Kauldi Odriozola eta Mikel Martinez. “Hirurek protagonismo handia izan dute erasoko jokoan, baina ezin da ahaztu beste batzuek defentsan egindako lana”, gogoratu nahi izan du Letamendiak. “Paulo Ostolaza atezaina eta Xabat Olaizola defentsaren erdian bikain aritu dira, Asier Nietoren lana… Azkenean dena behar da final bat irabazteko. Bakoitzak bere lana egin behar du”.

Ander Torriko, Mikel Martinez eta Kauldi Odriozola. Ume koskorrak zirenetik ezagutzen dute elkar. “Bost urtekin hasi ginen elkarrekin jolasten, eta gaur arte”, dio Odriozolak. “Oso ondo ezagutzen dugu elkar, badakigu besteak zer egin behar duen, zer ari den pentsatzen, eta hori nabaritu egiten da elkarrekin jokatzen dugunean”, jarraitu du Torrikok. Kataluniako selekzioa ederki jabetu zen, bai, hirukoteak erasoan duen gaitasunaz. Euskadik finalean egin zizkien 35 goletik 28 hiruren artean lortu zituzten, eta haietatik 16 Ander Torrikok. Erakustaldia egin zuen finalean. Baina jokalariak garrantzia kentzen dio markari. “Hau azkenean talde lana da eta taldearen garaipena da balio duena. Nire meritua beraiena ere bada”.

Finala Kataluniaren kontra irabaztea, gainera, sari bikoitza da Pulpoko hirukotearentzat. “Katalunia izan da beti selekzio indartsuena eta bidean aurkitu izan garenean beti irabazi digute”, hasi da Odriozola esplikatzen; “Kadete mailan finalaurrekoan jokatu genuen elkarren kontra. Gu bost gol ginen aurretik bigarren zatian, baina azkenean partidari buelta eman zioten; eta klubeka ere Bartzelonak kanporatu gintuen duela bi urte, geu aurretik joan eta gero. Sekulako gogoa geneukan behingoz irabazteko”.

Oropesan (Castelló, Herrialde Katalanak) jokatutako txapelketan ere Kataluniaren kontra galdu egin zuten lehen fasean, 11 goleko aldeaz. “Kataluniarren armarik eragingorrena beti izan da kontraerasoa, fisikoki askoz hobeto prestatuta daudelako; erasoan baloi gehiegi galtzen badituzu akabo”, azaldu du Letamendiak. Eta hala gertatu zitzaien hasierako ligaxkan. “Ondo hasi ginen, 6-12 aurreratu ginen. Baina gero hasi ginen baloiak galtzen, hasi ziren haiek korrika egiten eta azkenean egurra eman ziguten; amaieran pixka bat etsi egin genuen, indarrak gordetzeko”, onartu du Odriozolak. Finalerako lezioa ondo ikasi zuten, ordea. “Oso garbi genuen guretzat funtsezkoa zela beraien kontraerasoa ekiditea, eta finalean asmatu egin genuen”, dio Letamendiak. “Erasoan oso gutxitan galdu genuen baloia, ez ginen urduri jarri eta atezainaren aurrean oso huts gutxi egin genituen; eta defentsarantz oso ondo egin genuen korrika, azken unera arte”.

Hurrengo erronka Klubarekin

Orain arte Pulpoko talde nagusiarekin jokatu dute hirurek, baina aurrerantzean jubenilen taldera bueltatuko dira, denboraldi amaieran zerbait handia egitea baitute helburu. “Jubeniletan azken urtea da guretzat, Espainiako Txapelketan gure taldearekin zerbait polita egiteko azken aukera da eta aprobetxatu nahi dugu; selekzioarekin egin dugun bezala, uste dugu klubarekin ere baditugula aukerak zerbait ona egiteko”, adierazi du Mikel Martinezek. Torrikok garbi du helburua: “Aurreko bi urteetan etxean jokatu dugu Espainiako Txapelketako lehen fasea eta bietan bigarren gelditu gara. Ez dugu berriro huts egin nahi. Helburua zortzi onenen artean sartzea da”.

 

Hiru jokalariak entrenatzailearen begietan

Pulpoko hiru jokalariek Euskadiko selekzioan egindako lanaren balorazioa egin du Xabier Letamendia entrenatzaileak.

Ander Torriko. “Klubean, denboraldi osoan saiatu gara hirurei heldutasun puntu bat ematen. Jubenilak dira baina seniorrekin jokatu dute orain arte. Eta nik uste dut hirurek jakin dutela bakoitzari emandako rola betetzen. Finalean Anderri esan genion partida berak kontrolatu behar zuela eta ezin zituela baloiak galdu, horrelako partida batean baloia galtzeak gola jasotzea ekartzen duelako. Heldutasun puntu hori erakutsi zuen erasoan”.

Kauldi Odriozola. “Orain arte beti izan du erasoaldiak amaitzeko grina, jokaldiak berak bukatzeko joera, erraztasun handia duelako. Txapelketa honetan ikusi du berak zailtasunak baditu taldekideek izango dutela aukera gola sartzeko, bi defensa gainera etortzen bazaizkio lagunen bat libre dagoela seguru. Hori ikusteko gaitasunak asko balio du eskubaloian, eta berak oso ondo egin du txapelketa osoan. Espainiako selekzioan dago, denek ezagutzen dute eta oso zorrotz defenditzen dute. Horri etekina ateratzen jakin du, taldekideen mesedetan”.

Mikel Martinez. “Mikelek hegalean odol hotza erakutsi du. Finalean erakustaldia egin zuen jaurtiketetan, heldutasun handia erakutsi zuen, kikildu gabe. Final handia batean, hamazazpi urtekin, jaurtiketa loratua egin, huts egin, eta hurrengoan berriro loratua bota eta sartu, eta hurrengoa ere berdin, eta eserlekura begiratu eta irribarre egitea… Mikelek bazekien jaurtiketa guztiak sartu egin behar zirela, huts egite bakoitzak Kataluniaren kontraerasoa ekarriko zuelako eta gola kontra. Sekulako efikazia lortu du, eta hegaletik ez da batere erraza”.