Hondakinak biltzeko sistema berria "behingoz" aurkezteko eskatu dio EAJk alkateari

Baleike 2015ko urt. 8a, 12:37

EAJ-PNVko bozeramale Montse Aranak kritikatu du "zehazgabetasun handienean" ekin zaiola 2015 urteari, eta aurreratu du mozioa aurkeztuko dutela "Zumaiako Udalak Osinbeltzeko zabortegiaren aurka egin dezan".

Hemen irakur dezakezue EAJk helarazi digun prentsa oharra:

Urola Kostako Mankomunitatean, orain bi hilabete pasa, Iñaki Agirrezabalaga alkateak 2014ko urtea amaitu aurretik hobetutako hondakin bilketa ezarriko zela iragarri ondoren, EAJ-PNVren udal taldeak dio “zehazgabetasun handienean inauguratu dugu 2015, urtea”.

Bozeramale jeltzaleak, Montse Aranak, “ oso kezkaturik “ dagoela adierazi du udal gobernuak legealdi osoan gaiaren inguruan egin dituen “iragarki aldakor eta zatikakoagatik”, deitu dion bezala. “ Gaur egun, funtzionamenduari eta kostu ekonomikoei dagokionez, zehaztasunik jakin gabe jarraitzen dugu. Dakigun bakarra da, organikoak eta errefusa jasotzeko ibiliko diren bi edukiontzi motak txipa eramango dutela eta gaur egun daudenak baino edukiera txikiagokoak jarriko direla baina datu errealetan oinarritu gabeko inolako argudiorik gabe”.

Zentzu honetan, alkateari hitza hartuaz, pasa den urrian ez zuenean nahi izan sistemaren xehetasunak aurreratzerik Agirrezabalagaren esanetan “oraindik ñabartzen ari direlako”, bozeramale jeltzaleak honakoa galdetu du: “Zenbat denbora gehiago behar du ñabardurak amaitu eta iragarkietatik gauzatzera pasatzeko? Akaso ia lau urte hauek ez dira aski izan?” eta “behingoz” hondakinak biltzeko sistema berria “bere osotasunean ñabardura guztiekin eta halaber bere kostuekin”, aurkezteko gonbitea luzatu dio alkateari.

Aranak gogoratu du: “sistemak, dagozkion txosten teknikorik gabe eta txosten ekonomiko-finantzariorik gabe jarraitzen du. Mankomunitateko teknikoen txostenik ere ez du eskuduntza berea denean eta udalaren asmoa denean epe laburrean mankomunitatearen ardura izatea hondakin guztiak jasotzea”.

“Agirrezabalagak, jarraitu du, zalantza guztiak argitzeko obligazioa dauka. Halaber, abenduaren 23tik aurrera, Urteta itxi ondoren, gure hondakinak Lapatxeko zabortegira garraiatzeak Zumaiako kontuetan duen ondorio ekonomikoak, abenduaren 29an erregistratu genuen idatzian eskatzen dugun bezala”. Ildo berean gehitu du: “Zehaztasun ezaren eta bere alderdiaren aginduak zumaiarren interesen aurretik jartzearen beste adibide berri bat da. Bi aldiz ordaindu beharko ote dugu? Lehenik modu zuzenean ordaintzen dugun tasarekin eta gero udal aurrekontuaren bidez? Zentzugabekeri hutsa da, bat gehiago”. “Hori bai, udal idazkariaren eta kontu-hartzailearen aurkako txostenekin, Bilduk bakarrik onartu zituen aurrekontuekin ordaindu beharko da”.

Amaitzeko aurreratu du mozio bat aurkeztuko duela non eskatuko zaion udalari “ondoko Zestoako herriko Osinbeltzeko harrobian diputazioak ezarri nahi duen hondakin geldoen biltegia deituriko, baino zabortegia izango den proiektuaren aurka egin dezan”. “Adituen txostenek diote harrobian lurperatuko diren tratatutako hondakinak gasak, kiratsak eta lixibiatuak sortuko dituztela , gurea ere den Urola ibaia kutsatzeko arrisku larriarekin eta bere ondorioak modu zuzenean eragingo digutenak”.