Hondakinen bilketa sistema hobetzeko hitzarmena onartu du Udalak

Baleike 2014ko abe. 22a, 17:34

Ostiraleko ez ohiko plenoan hondakinen bilketa sistemaren aldaketa proposatzen duen hitzarmena onartu zen, Bildu eta Aralarren aldeko botoekin. EAJk eta PSEk aurka bozkatu zuten, "gardentasun falta" salatuta.

Plenoan onartutako hitzarmenak hiru puntu hauek jasotzen ditu:

1. Hondakinak modu egokian sailkatzeko eta botatzeko proposatzen den sistema aldaketa onartzea. Horretarako, etxeko hondakinak jasotzeko 70 puntu jarriko dira errefusa eta organikoa biltzeko, txipa duten edukiontziekin (egunero bota ahal izango dituzte herritarrek hondakinak edukiontzi horietara). Horretaz gain, 58 puntu jarriko dira gaikako bilketa egiteko, hau da, paper-kartoiak, ontzi arinak eta beira biltzeko edukiontziekin.

Merkataritzakoak berriz, batetik, asteko 80 litro organiko edo paper-kartoia sortzen dutenei atez ate bilduko zaizkie hondakinak, eta bestetik, kopuru horietara iristen ez direnak etxeko hondakinak jasotzen diren puntuetara bota beharko dute zaborra.

2. Zumaiako Udalak balorizatu ezin daitekeen hondakin zatia bakarka biltzea, Urola Kosta Udal Elkarteak estatutuen aldaketa eta bidezko kontratazioak gauzatu bitartean.

Udal Elkarteak 2015eko martxoaren lehenengo astean estatutuen aldaketarako erabakirik ez badu hartzen, Zumaiako Udalak ondar zatiaren bilketarako kudeaketa zerbitzua esleitzeko kontratazio izapideak abiaraziko ditu. Eta, 2015eko uztailaren 31an Udal Elkartearen aldetik zabor bilketa integrala kudeatzeko tramite guztiak burututa ez baleude Zumaiako Udalak kontratua esleituko du exekuzioarekin lehenbailehen hasteko.

3. Kale Garbiketa zerbitzuaren kontratazioa gauzatzeko tramite guztiak berehala hasi daitezela.

Gaur egun, gaikako bilketa Udal Elkartearen bidez egiten da, eta errefusa bilketa udalen eskumenen artean dago. Udal Elkarteak bilketa integrala eginez gero baliabideak optimizatzeko eta hondakinen bilketa kostuak jaisteko aukera ikusten da, eta epe motzean horretarako pausoak ematea da Udalaren helburua. Bilketa mankomutatu hori egin ahal izateko ordea, Udal Elkartearen estatutuak aldatu behar dira.

Zumaiarako Spora ingurumen zerbitzuak diseinatutako sistema integral eta kontrolatuaren bidez, hasieran, %65eko gaikako bilketara iristea aurreikusten da, eta etengabean egingo zaizkion hobekuntzen bidez, %80ra iristea lortu nahi da.

EAJ eta PSE aurka

EAJk eta PSEk salatu dute ez dutela nahikoa informazio jaso eta zehaztasuna falta dela aurkeztu zaien txostenean. "Udaleko teknikoek ere ez dute jaso nahikoa informazio. Ez dakigu zehazki zenbat kostatuko den, ez dakigu tasetan eraginik izango ote duen, eta ez da egin kontzientziazio kanpainarik", salatu zuen plenoan EAJko zinegotzi Montse Aranak. PSEko zinegotzi Emiliano Cabañasek adierazi zuen bere iritziz abiapuntu egokia izan zitekeela, baina ez zela Hondakinen Mahaian adostutakoa. "Azterketa sakonik ez da egin, eta teknikoen iritzia jaso arte guk ezin dugu sistemarekin bat egin", gaineratu zuen Cabañasek.