Zumaiako Libre taldeak agerraldi publikoa egin du gaur arratsaldean, Beñat Lizeaga gaztea libre gelditu eta gero. Hemen irakur dezakezue kaleratu duten oharra:
"Lehenik eta behin, gure poza adierazi nahi dugu inoiz hasi behar ez zuen epaiketa horretan gure herritar eta lagun Beñat akusaziorik gabe libre geratu delako. Eta horrekin batera, gure besarkadarik eta babesik handiena bidali nahi diegu akusatuen aulkian jarraitu beharko duten 16 gazteei.
Epaiketa politiko hau, zoritxarrez, ez da kasu isolatua. Zumaian beste epaiketa batzuk hasteko zain gaude eta epe motzera Baxakarte zumaiarrak eseri beharko du Espainiako Auzitegi Nazionaleko akusatuen aulkian.
Atzo bertan adibidez ekitaldi politiko batean parte-hartzeagatik Ernaiko zazpi kideri bi urteko kartzela zigorra eta Periko Solabarria eta Topatu.info-ko kazetari bati ekitaldiaren berri emateagatik urte eta erdiko espetxe zigorra eskatu die fiskalak. Gaur aldiz, Frantziako poliziak Loretxu Etxamendi Aintzina gazte antolakundeko kidea atxilotu du Bordeleko aireportuan.
Inpernupe taberna ere ez dago gure herriaren etsaien hatzaparretatik salbu. Orain gutxi Inpernupe eta beste 113 taberna eta lokal ixteko epaiaren berri izan genuen. Epaiari helegitea jarri arren, edozein unetan irits daiteke behin betiko epaia.
Garai berri hauekin bat ez datozen injustizia horien aurrean zumaiarron laguntza eta elkartasuna behar dugu.
Ez ditugu epaiketa hauek onartzen, eta ez dugu onartuko herria kriminalizatu nahi duen horien moduko edozein epai edo epaiketarik.
Garai politiko berri honetan estatuek gerra eta kriminalizazio estrategia berdinean jarraitzen dute: Euskal Herriko ezkerreko militante independentistak isun ekonomikoz itotzen, atxilotzen, torturatzen eta, Zumaian ondo dakigun moduan, epaiketa politikoen zerrenda etengabe luzatzen.
Estatu zapaltzaileen estrategia bakerako ateak blokeatzen ari da. Ez aurrera eta ez atzera uzten gaituen bide gurutzean gaude. Horrexegatik mobilizatzea dugu ezinbestekoa. Epaiketa politiko guztietan herritarrez osatutako harresi batekin egin behar dute topo. Gero eta jendetsuagoa, gero eta sendoagoa izango den harresia. Atxiloketen kostu politikoa Espainiako Estatua eta bere kolaboratzaileentzat guztiz onartezin bilakatu arte.
Zumaiar guztiei dei egin nahi diegu injustizia hauen aurrean antolatzera. Denon esku dago epaiketa politikoen nondik norakoak lau haizetara zabaltzea eta elkartasun sareak sortzea. Denon artean posible izango baita epaiketekin amaitzea.
Gure etxekoak, senideak, lagunak eta herritarrak libre izango diren herria sortzera goaz. Eta lortuko dugu!".