Beñat Lizeaga gazte zumaiarra libre gelditu ondoren, oharra kaleratu du Udalak. Hemen irakur dezakezue:
Eskubide zibil eta politikoak bermatzeko lanean jarraituko du Udalak
Fiskalak karguak kendu ostean, atzo libre gelditu zen Beñat Lizeaga herritarra. Albistea pozgarria izan arren, epaiketa politiko gehiago ez izateko lanean segituko du Udalak.
Beñat Lizeaga eta bere familia eta gertukoen amets gaiztoa atzo bukatu zen, eta Zumaiako Udala asko poztu zen albiste hori jasota. 2010eko udazkenean Segiren kontrako sarekada batean alde egin behar izan zuenetik ez du etenik izan prozesuak. Baina atzo, abenduak 16, 28 gazteren kontra Espainiako Entzutegi Nazionalean egiten ari diren epaiketan fiskalak Lizeaga eta beste 11 lagunen kontrako karguak kendu eta aske uztea erabaki zuen.
Zumaiako Udala Lizeagaren eta bere ingurukoen ondoan egon eta bere babesa ematen saiatu da prozesu guzti horretan. Udal plenoan, behin eta berriro, eskatu izan da Beñat Lizeagaren eta beste 27 gazteen kontrako epaiketa bertan behera uzteko, herritarren eskubide zibil eta politikoak bermatzeko eta epaiketa politiko hori bertan behera uzteko.
Azkenean, Beñat Lizeaga libre izango dugu Zumaian. Albistea poztekoa da dudarik gabe, baina epaiketa ez da bertan behera gelditu eta beste 16 gazte epaiaren zain geldituko dira gaur. Hori horrela, epaiketa politikoak bertan behera uzteko lanean jarraituko du Udalak. 28ak behar dutelako libre, eta epaiketa politiko gehiagok ez dutela tarterik Euskal Herriaren aro berrian.