Espainiako bandera udaletxeko atarian

Baleike 2014ko abe. 17a, 16:46

[/caption]

Espainiako Gobernuaren ordezkari Carlos Urquijok behin baino gehiagotan salatu du Zumaiako Udala azken legegintzaldian. Azken aste hauetan beste salaketa bat eta Espainiako bandera jartzeko azken abisua iritsi dira Udalera. Gaurtik aurrera jarrita dago bandera sarrerako atearen gainean, Zumaiako bandera eta Ikurriñaren artean.Espainiako bandera udaletxeko balkoian ez jartzeagatik salatu zuen Urkijok Zumaiako Udala, 39/1981 legea oinarri hartuta, Euskal Herriko beste hainbat udalekin egin bezala. 2013ko otsailaren 12ko 37/2013 epaiak bandera jartzera behartzen du eta, gaur azken abisua iritsita, bandera jarrita dagoeneko.

Urkijoren salaketa horren harira, ekaineko plenoan, Bildu, EAJ eta Aralarren botoekin honako 5 puntuko mozioa onartu zen:

1) Zumaiako Udalak adierazten du ez dagoela ados eta guztiz gaitzesten duela Udaletxeko fatxadan eta osoko bilkuren aretoan Espainiako bandera jartzeko inposaketa, Zumaiako herritarren gehiengoaren borondatearen aurkakoa delako.

2) Zumaiako Udalaren ustez, egitate horiek bereziki larriak dira egungo testuinguru eta momentu politikoan. Testuinguru honetan konponbideen etorkizuna -eta ez inposaketena- laguntzen duten jarrerak behar ditugu.

3) Zumaiako Udalak erabaki du plaka bat jartzea udaletxearen sarreran, honako inskripzio honekin: Udalbatzak 2014ko ekainaren 26ko osoko bilkuran adierazitako borondate demokratikoaren aurka, Espainiako bandera jarri da, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren 2013ko otsailaren 12ko 37/2013 epaia betetzeko; hau dio epaiak:

Zumaiako Udala behartuta dago Espainiako bandera udaletxearen kanpoaldean eta eraikin barruan lehentasuna duen toki batean jartzera eta edukitzera.

4) Zumaiako Udalak Euskal Herriko ikurrin bat ezarriko du Foru Enparantzan, herri honen aitortzaren adierazgarri.

5) Zumaiako Udalak erabaki du akordio hau Zumaiako gizarte-eragileei helaraztea, egoki baderitzote adierazpena babestu dezaten.

Plenoan onartu zen bezala, Foruen plazan ikurrina eta udaletxe sarreran plaka urtarrilean jarriko dira.

Ez da salaketa bakarra

Espainiako bandera jartzeko agindua ez da, ordea, Udalak azken legegintzaldi honetan jasotako salaketa bakarra. Azaroaren 9ko asteburuan Kataluniari babesa adierazteko Estelada jartzea erabaki zen, eta hori ere salatu egin du Urkijok. Aurrez, kontrataziotan euskararen inguruko irizpideak zehazteagatik ere salatu zuen Urkijok Udala, 2013ko uztailean, nahiz eta salaketa hura bertan behera gelditu zen. Eta etxetik urruti dauden preso eta senideei ematen zaizkien diru laguntzen oinarrien inguruko salaketa ere egin zuen.