Beñat Lizeaga: “Behingoz aukera izango dugu bizimodua normaltasunez egiteko”

Baleike 2014ko abe. 16a, 16:34

Akusazioarekin jarraitzeko “nahikoa frogarik ez”, eta hamabi gazte libre uztea erabaki du fiskalak, Beñat Lizeaga zumaiarra tartean. Epaigelatik atera berri hitz egin dugu telefonoz.Duela lau urte hasi zen bidegabekeriari amaiera jarri dion azken hitza idatzi zuen atzo eguerdian telefono mugikorrean: “Libre”. Halaxe zabaldu zuen mezua Beñat Lizeagak berak, sare sozial baten bidez, Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaigelatik. 28 gazte independentisten aurkako epaiketan, hamabiren kontrako salaketarekin aurrera jarraitzeko nahikoa froga ez duela azaldu zuen atzo fiskalak. Hamabiak, Beñat Lizeaga tartean, akusatuen aulkitik publikora pasa ziren une hartan. Gainontzeko 16 gazteen aurkako epaiketak aurrera jarraitzen du, eta gaur izango da azken eguna, defentsaren agerraldiarekin. Gero, Angela Murillo epailearen erabakiaren menpe geldituko dira.

Beñat Lizeagak 2010eko udazkenean alde egin behar izan zuen etxetik, Segiren aurkako Polizia operazio bati ihes eginez. 2011ko otsailean atxilotu zuten, Izpuran (Nafarroa Beherea) jendaurrera agertu eta egun gutxira. Kartzela ezagutu zuen, 2012ko ekainean baldintzapean aske utzi zuten arte. Beretzat atzo amaitu zen irailaren 22an hasitako epaiketa.

Eguerdi partean jakinarazi duzue albistea. Halakorik espero al zenuten?

Ez genuen inondik inora horrelako erabaki bat espero. Sekulako ezustekoa izan da, baina, begira, tarteka etortzen dira ezusteko onak ere.

Nola izan da momentua?

Fiskalak gaur bere azken agerraldia egin du, eta hor adierazi du 12 auzipeturentzat ez zela nahikoa froga agertu epaiketan zehar. Horietako bat neu naiz.

Hamabi lagun libre, baina beste hamasei karguekin mantendu ditu fiskalak. Zertan oinarritu da bereizketa hori egiteko?

Oraindik ez dakigu zertan oinarritu diren akusazio batzuk bertan behera utzi eta veste batzuk mantentzeko. Guztion kasuan frogak oso antzekoak ziren. Abokatuek esan digutenez, teknikoki ez da oso logikoa fiskalak egin duena, baina oraindik ez daukagu nahikoa informazio balorazio bat egiteko.

Beraz, epaiketa ez da amaitu.

Epaiketak aurrera jarraituko du, beste 16 lagunen aurka. Bihar izango da azken saioa. Defentsako abokatuek egingo dute agerraldia eta hortik Aurrera Angela Murillo epaiaren esku geldituko dira 16 lagunak.

Hiru hilabete inguru izan dira atzera eta aurrera. Nola joan da epaiketa?

Epaiketa, orohar, ondo joan da. Hasieran tentsio uneak izan ziren, epaileak zorrotzegi jokatu zuen gure abokatuekin, ez zien utzi lan egiten behar bezala. Baina gero gauzak nahikoa ondo joan dira. Fiskalak ere jarrera nahikoa txukuna izan du. Eta hamabiri akusazioa kentzeko erabakia ez genuen espero. Aurreko epaiketan 40 gazte libre gelditu ziren, baina epailearen erabakiak utzi zituen libre.

Libre geratu zareten arren, epaiketaren aurka agertu zarete une oro.

Batzuk libre gelditu garen arren, eta epaia aldeko edo kontrako izan, berriro adierazi nahi dugu epaiketa hau ez dela zilegi, gure militantzia politikoa epaitu delako eta torturapeko frogak erabili direlako. Gaur fiskalak 16 gazte errudun jotzeko erabili dituen frogak torturapean lortutakoak dira.

Zer sentitu duzu azkenean libre zarela entzutean?

Epaitegitik hotelerako bidean, lagun batekin komentatzen joan naiz, lau urte hauetan egun bakar batez ere ez dudala izan kontu hau ahazteko aukerarik. Sei urteko kartzela zigorra izan dugu mehatxu, eta orain behingoz aukera izango dugu gure bizimodua normaltasunez egiteko, nahiz eta bizitako esperientziak hor geldituko diren betirako.

Noiz bueltatuko zara Zumaiara?

Bihar itzuliko gara, epaiketaren ondoren. Ez dakit zehazki noiz abiatuko garen, bazkalondoren eta arratsaldean, baina bihar bueltatuko gara Zumaiara. Eskerrak eman nahi dizkiei Librekoei, lagunei, senideei, Udalari eta komunikabideei. Harro nago erakutsitako jarreraz. Hauxe da bidea aurrera egingo badugu.