Darahliko elkarteko hiru kooperante, Idurre Peña, Miren Saez eta Samuel Ruiz, Tindufeko kanpalekuetara joango dira bihar, ostirala, eta astebeteko egonaldia egingo dute Zumaiarekin anaikidetuta dagoen Zug herrian.
Udaberrian Zumaiako hainbat gazte joango dira kanpaleku hauetan bizi duten egoera ezagutzera eta ahal duten moduan laguntza eskaintzera. Bihar abiatuko dena bidaia haren aitzineko taldea izango da.
Algeriako desertuan dauden kanpalekuetan igaroko duten astebetean hiru egiteko izango dituzte. Batetik 21 eguzki plaka banatuko dizkiete horretarako izendatuta dauden eta behar handiak dituzte 21 familiei. Senidetze proiektuaren barrian, beharrra duten 30 familia aukeratuko dituzte eta apirilean doazen gazteek laguntza emango diete. Horretarako Zumaian familia hauentzako dirua lortzeko kanpaina berezia egingo da.
Amaitzeko, eta aurrez esan bezala, 2015eko apirilean 60 gazte inguru joango dira Saharako herri erbesteratuak Tindufen, desertu erdian, dituen kanpalekuetara. Bidaia hartan gauzatuko dituzten proiektuak eta egingo duten plangintza ondo zehaztea izango da beste ardura bat.