Gabonen bezperan, urtero, jostailu erakusketa antolatzen du Zumaiako Ludotekak. Aurten azaroaren 29 eta 30eko asteburuan egin da, arratsaldetan, eta ehundik gora lagun pasa dira bertatik. Merkatuan dauden jostailuak ezagutzeaz gain, kontsumo arduratsua bultzatzea du helburu ekimen honek.
3 eta 11 urte bitarteko haurrak eta haien gurasoak pasa dira erakusketatik. Arduradunen esanetan, jostailu berriak eta irabazlerik ez duten eta taldean jokatzen diren jostailu kooperatiboak izan dira arrakastatsuenak. Jostailuak ikusteaz gain, beraiekin jolasteko aukera izan dute haurrek eta gurasoek familia giroan.
Eraikin ofizialetan jarriko diren Gabonetako panelak egitea eta Donostiako Txuri-Urdin izotz jauregia bisitatzea dira Ludotekak abendurako prestatuta dituen ekintzak.