Eskuetatik hartuta indarkeria matxistaren aurka

Baleike 2014ko aza. 25a, 11:47

Gaur, azaroak 25, emakumeenganako bortxakeriaren kontrako nazioarteko eguna da. Iaz bezala, Zumaiako ikastetxeetako ikasleak kalera atera dira indarkeria matxistari bere gaitzespena adierazteko. Eskutatik hartuta, adin desberdinetako gaztetxoak LHtik DBHra bitartekoak, Beheko Plazatik abiatu dira ‘Emakumeen aurkako indarkeriarik ez’ leloa zeraman pankartaren atzean. Amaiako plazari buelta eman eta Erriberan barrena Gurrutxaga plazara itzuli dira. Torreberriko aterpean egindako bertso eta kantu saio laburrarekin eman zaio amaiera ekitaldiari.

Honen harira, Zumaiak udalak adierazpen instituzionala plazaratu du. Honela dio:

1. Zumaiako Udalak bere gaitzespenik sendoena adierazi nahi du emakumeen kontra egiten diren indarkeria adierazpen guztiei, eta emakumeen kontra, emakume direlako eragiten den indarkeriaren aurkako konpromisorik sendoena azpimarratu nahi du, genero desberdintasun eta diskriminazioaren adierazpenik larriena delakoan.

2. Zumaiako Udalak emakumeen kontrako indarkeriaren kontra egin den lana azpimarratu eta aitortu nahi du, bereziki emakumeen elkarteen aldetik egin izan dena. Lan horrekin lortu da emakumeenganako indarkeria ezabatzeko lana agenda politiko guztietan egotea.

3. Zumaiako Udalak aitortzen du eraso eta jarrera sexistak ez direla jokaera isolatuak, guztiz alderantziz, emakumeen kontrako indarkeria haurtzarotik eta bizitza osoan ahalbidetzen duen sistemaren parte direla eta emakumeen segurtasuna, askatasuna eta gaitasunaren kontra egiten dutela.

4. Zumaiako Udalak adierazten du berdintasun falta dela emakumeenganako indarkeria ororen oinarrian dagoena eta beraz, indarkeria horren borroka eraginkorrak ezinbestean egon behar duela balore aldaketa sakon bati lotuta.

5. Zumaiako Udalak berdintasun esparruko politikekiko konpromisoa mantendu eta egonkortuko du, berdintasun politikak garatzeko behar diren baliabide ekonomiko eta humanoak indartuz.

6. Zumaiako Udala udalerrian gerta litezkeen ekintza eta jarrera matxisten aurrean, prebentzio eta salaketarako eragile aktibo izango da.

7. Zumaiako Udalak adierazten du indarkeria matxistaren eragina handia dela gazte jendearen artean, hortik datorrela prebentzioan lan egiteak eta esku hartzeak daukan garrantzia, eta ahalegin eta baliabide guztiak erabili beharko direla gazteei harreman ez ierarkikoak eraikitzen lagun diezaiegun, errespetuan, askatasunean, autonomian oinarrituta, azken finean berdintasunean oinarritutako harremanak eraikitzea xede.

8. Zumaiako Udalak bere babes osoa adierazi nahi dio Emakunde erakundeak euskal udalerrien Berdinsarea Sarearen markoan eta EUDELen eta Hiru Foru Aldundien babesarekin antolatu ohi duen Beldur Barik Egitasmoari, gazteen artean indarkeria matxistaren inguruan egin behar den sentsibilizazio eta prebentzio lanerako tresna baliagarri eta beharrezkoa delakoan.

9. Zumaiako Udalak abian emakumeen parte hartze ekitatiboa ahalbideratzen dituzten jai edo jardun sinbolikoak jarri, hedatu edo indartuko ditu, bai eta gainerako espazio sozio-kulturalak ere.

10. Zumaiako Udalak emakumeen enpoderamendua bultzatzen duten gune komunak sortu edota indartuko ditu, behar adina baliabiderekin eta sare lana sustatuz, enpoderamendu eskolak edo emakumeen etxeen modukoak.

11. Zumaiako Udalak adierazten du ez duela onartuko emakumeen kontrako erasoak eta diskriminazio jarrerak justifikatuko edo banalizatuko duten adierazpenik.

12. Zumaiako Udalak erakunde guztiei eskatzen die, berdintasunaren aldeko eta indarkeria matxistaren aurkako politika aktibo, integral eta koordinatua garatzeko. Ahulenak diren guneetan biolentzia matxista eman ez dadin, instituzioen arteko elkarlana bultzatuko du, baliabide tekniko eta ekonomikoen bitartez: gazteak, adinekoak, etorkinak, nekazal gunekoak, aniztasun funtzionala dutenak, etab.

13. Zumaiako Udalak adierazten du emakumeen kontrako indarkeriari buruz ari garenean, urratuak diren giza eskubideei buruz hitz egiten dugula, eta argi eta ozen adierazten du “tolerantziarik EZ emakumeen kontrako indarkeriaren aurrean”.