Kataluniako bandera jarri da udaletxean

Baleike 2014ko aza. 8a, 12:06

Udaleko Bildu, EAJ eta Aralar alderdien adierazpen bateratua atera dute igandean Kataluniari eta kataluniarrei babesa adierazteko.

Iritzi bilketa egingo du igandean Gure Esku Dagok (12:00etan, kofradian)

2014ko irailaren 19an, Kataluniako Parlamentuak irailaren 26ko Kataluniako 10/2014 Legea onartu zuen, aldeko 106 botorekin eta aurkako 28rekin. Berresteko ez diren herri-kontsultei eta herritarren parte-hartzeari buruzko lege hori 2014ko irailaren 27an argitaratu zen Kataluniako Generalitataren Aldizkari Ofizialean.

Halaber, egun bereko aldizkariaren eranskin gisa argitaratu ziren Kataluniako Generalitateko presidentearen irailaren 26ko 129/2014 Dekretua (Kataluniaren etorkizun politikoari buruzko kontsulta deitzekoa) eta horren eranskinak.

2014ko irailaren 29an, Mariano Rajoyren gobernuak erabaki zuen konstituzio-kontrakotasuneko errekurtsoa aurkeztea Konstituzio Auzitegian, eskatzeko legea eta dekretua behin-behinekoz bertan behera utz zitzaten. Eta egun berean, Konstituzio Auzitegiak erabaki zuen bi arau-testuak behin-behinekoz bertan behera uztea.

Herritarren eskubide demokratikoa da beren etorkizuna libreki erabaki ahal izatea eta egun kataluniarrek, eskubide demokratiko hori gauzatu ahal izateko prozesu demokratiko bat abiatu dute. Prozesu horretan azaroaren 9an izan da galdeketa egiteko aukeraturiko eguna. Gaiaren garrantzia kontuan izanik Zumaiako EHBildu eta EAJ-k honokoa adierazten dute:

- Errespetatzea eta aitortzea Kataluniako Parlamentuak abiatutako prozesu politiko eta demokratikoa, kataluniar herriaren gehiengoaren borondate demokratikoaren adierazpen gisa. Helburua Kataluniako herritarren erabakitzeko eskubidearen ariketa gauzatzea da, bere etorkizun politiko kolektiboa zehazteko.

- Herriek beren etorkizun politikoa erabakitzeko zilegitasun demokratikoa daukate, muga herritarrek demokratikoki adierazi eta erabakitzen dutena izan behar delarik.

- Gure babesa adierazteko kataluniako bandera jarriko dugu instituzioaren fatxada nagusian, ikusgarri eta lehentasunezkoa izango den toki batean.