Elkar ezagutzeko bideak sortu behar direla adostu dute ‘World Kafe’ saioan

Baleike 2014ko aza. 7a, 10:15

[/caption]

Jatorri aniztasunari buruzko lehen bilera txandan ateratako ondorioak landu dituzte, kafe baten bueltan. Lehen fasea amaituta, orain bigarren bilera txandari ekin diote, besteak beste, aurrerantzean jatorri aniztasuna landuko duen Anitzen Sarea sortu edo ez erabakitzeko.

Duela sei urte etorri zen Euskal Herrira Clara Ncogo (1962, Ekuatore Ginea), sorterria atzean utzita. Urretxun zeukan ahizpa, eta hark animatuta hartu zuen erabakia. “Urretxura etorri nintzen aurrena; gero, bikotea aurkitu eta Zumaiara etorri ginen bizitzera”. Lorezaintza ikastaroa egiteko aukera izan du hemen, baina gaur egun langabezian dago. Ostiralean World Kafe ekimenean hartu zuen parte, jatorri askotariko beste 25 bat lagunekin batera. “Horrelako ekimen gehiago egin behar dira, hau lehena baino ez dadila izan. Elkar ezagutzea oso garrantzitsua da, harremanak garatzeko bideak eraikitzea”. Alondegiaren aurreko plazan, lau mahairen bueltan eta kafea esku artean, aurrez egindako hiru bileratan landutako ondorioak amankomunean jartzea zen ostiraleko ekimenaren helburua. Amaieran, arbelean esaldi bat idazteko eskatu zitzaien parte-hartzaileei. “Barruan gaude eta ez dago atzera bueltarik”, Clarak utzitako mezua. “Dagoeneko hemen gaude eta aurrera elkarrekin egin behar dugu”.

Herriko 17 elkartetako ordezkariek eta zenbait norbanakok hartu dute parte Udalak Aztikerren laguntzarekin antolatutako lehen hiru saioetan. Helburua da jatorri aniztasunaren gaineko diagnosia egitea eta aurrera begira egin daitezkeen urratsak adostea. Sektoreka egindako lan saioetan, iritzi nagusia da Zumaian baldintza onak daudela jatorri aniztasunaren inguruan lanketa egokia egiteko. “Ez dago gatazkarik, herri lasaia da, eta komunikaziorako bideak eta baliabideak badaude”. Edonola ere, ahulgune batzuk nabari dira: “Bereziki, pentsamendu mailan, taldeen eta jendearen itxitasunean eta ezagutza mugatuan”.

Hain zuzen ere, elkar ezagutzeko premiari erantzuteko proposamenak egin zituzten ostiraleko World Kafe ekimenean. Aniztasunaren inguruko egun bateko festak ondo daudela uste dute, baina ez da nahikoa. “Hurbilketa erraztu behar da, baina ez modu anekdotikoan, zerbait sendoagoa behar da, gune komunak bilatu behar dira”. Esate baterako, kirola. “Herri txikia da, kirol bakoitzeko elkarte bat dago, eta horrek elkarrekin zerbait konpartitzen laguntzen du. Hori bai, kirol elkarteetara hurbiltzen lagundu behar zaio kanpotik etorri berriari”. Herrian antolatzen diren kultur ekitaldietan edota festetan jatorri aniztasuna aintzat hartzea ere eskatu da: santelmoetan, Olarro Egunean…

Espazio edo gune baten premia ere proposatu dute, baina hor ez dago erabateko adostasuna. Batzuen iritziz gune fisiko bat behar da, “irekia, alaia, jendea bildu eta elkar ezagutzeko”. Beste batzuek nahiago dute kultura aniztasuna espazio guztietan landu. Denak ados daude, baina, kolektiboki antolatzea oso garrantzitsua dela, “elkar ezagutzeko elkar aurkitu behar dugu aurrena, eta antolatuta egoteak hori errazten du”.

Bestearen kultura ezagutzea eta errespetatzea oinarrizkoa da, baina beste ideia bat ere nabarmendu da World Kafean: “Berdintasuna bultzatu behar da. Denok dauzkagu eskubide berberak, denok asetu behar ditugu oinarrizko beharrak. Kultura bakoitzaren ezaugarrien gainetik, interes eta kezka amankomunak dauzkagu: gizarte arlokoak, ekonomikoak, politikoak, hipoteka, lana, osasuna… Horrek batzen gaitu”.