Autobideetan deskontuak jasotzeko gailu berria atera du Bidegik

Baleike 2014ko aza. 5a, 09:11

Orain arte teleordainketarako gailuak zazpi finantza entitateen bidez kudeatzen ziren, baina aurrerantzean Bidegi zuzenean arduratuko da, bitartekaririk gabe. 2015eko apirilaren 1etik aurrera Bidegiren gailu berriak baino ez du balioko deskontuak lortzeko. Dagoeneko teleordainketarako gailua dutenei gutuna bidaliko die zuzenean, kontratua berritzeko eta gailu berria helarazteko. Internet bidez ere egin daiteke.

Bidegik aldaketa nabarmena egingo du datozen hilabeteetan, bezeroekiko harreman zuzena lortzeko eta bezeroek informazio zuzena eta zehatza izan dezaten, eta ildo horretan aldaketa nagusia Abiatu teleordainketa gailu berria kaleratzea da. 2015eko urtarrilaren 1etik erabili ahal izango da Abiatu eta 2015eko apirilaren 1etik aurrera Gipuzkoako autobideetan deskontuak lortzeko gailu bakarra izango da. Beraz, Bidegik dei egiten die deskontudun teleordainketa gailua duten erabiltzaile guztiei Abiatu gailua eska dezaten. Larraitz Ugarte Mugikortasuneko eta Bide Azpiegituretako diputatuak, Katty Nevado Bidegiko koordinatzaile orokorrak eta Marcelo Marcelo Levit eta Sara Tegido Bip&Drive enpresako ordezkariek eman dute gailu berriaren inguruko informazioa prentsaurrekoan.

Orain arteko gailua dutenen artean aldaketa errazteko eta modu ordenatuan egiteko, Bidegik aste honetan hasi eta azaroaren 30era bitartean gutuna igorriko die, kontratua barne duela, eta datuak bete, sinatu eta kontratua helaraziko zaien gutun-azalean sartu eta bidali besterik ez dute egin beharko. Horrez gain, www.bidegi.net atarian ere kontratua bete eta abiatu gailu berria eskatu ahal izango dute. Nahi izanez gero, klik egin hemen: Abiatu gailua

Gailu berriaren bidez, erabiltzaileei kobrantza bakarra egingo zaie hileko 15. egunean. Kobrantza horretan honako kontzeptuak aterako dira:

-Bidegiren autobideetan egindako ibilbideen kobraketa; gehienez ere 26,54 euro hilabetean.

-Bestelako zerbitzuen kobrantza (baldin eta egin badira): Gipuzkoatik kanpoko autobideetan egindako ibilbideak, zenbait aparkalekuetako egonaldiakā€¦

Honekin lortuko da erabiltzaileei soilik dagokiona kobratzea (gerora bueltatzen ibili behar izan gabe), baita ere gauzak askoz era ulergarriagoan jasotzea ere, eta erabiltzailearen eta Bidegiren arteko harremana zuzena izatea, banketxeen bitartekaritzarik gabe. Horrez gain, azpimarratu behar da abiatu gailuak orain arteko beste gailuen funtzio berak dituela eta Gipuzkoako autobideetan ez ezik, Euskal Herrikoetan, Espainiako estatukoetan eta beste hainbatetan erabili ahal izango dela.

Abiatu gailu berriak Bip&Drive enpresak kaleratuko ditu, Bidegik egindako lehiaketa publikoa haiek irabazi baitzuten eta poza azaldu dute proiektu hau beraientzat erronka garrantzitsua baita.