“Independentismoa da Katalunian ilusioa pizten duen proiektu politiko bakarra”

Baleike 2014ko urr. 28a, 19:56

Duela hamar bat urte arte, Kataluniako gizartean gutxiengoa ziren independentziaren aldekoak; katalanista zen gehiengo zabala: defenditzen zituzten herri izaera, hizkuntza eta kultura, baina Espainiako Estatuaren barruan. Hori erabat irauli da azken urteotan. Orain kataluniarren %80k herri kontsulta nahi du, eta %55 independentziaren alde dago. Zerk eragin du halako iraultza? CIEMENeko eta ANCko kide Ricard Vilaregutek eman zituen zenbait gako joan den ostiralean Peio Urizarrekin batera (EHBildu) Alondegian egindako hitzaldian, Zumaiako EHBilduk antolatuta (hitzaldiaren bideoa ikus dezakezue).

Estatut berria, ezerezean

Espainiak Kataluniako estatutu berria ezerezean utzi zuenean katalanismoa ohartu zen bide horrek ez zeramala inora, Kataluniari ez zitzaiola sekula leku egokirik onartuko Espainia barruan. Horrez gain, krisi ekonomikoaren ondotik murrizketa oso larriak egin dira hezkuntzan, osasun zerbitzuetan… Eta, azkenik, betiko alderdi politikoak ere krisian daude, gizartea ez da ordezkatua sentitzen.

Baina eraldaketarako faktore nagusia Katalunia barruan gertatu da. Independentismoak bere estrategiak eta diskurtsoak berritu ditu. Loturak eta konplizitateak landu dira intelektualekin, liberalekin, Elizarekin, enpresariekin… Gaur egun, independentismoa da Katalunian herritarrengan ilusioa pizten duen proiektu politiko bakarra. Eredu autonomikoak ez du gehiagorako ematen, eta federalismoa ez da sekula landu.

Diskutso berria

Abertzaletasunaren mugak gainditu ditu independentismoak Katalunian. Diskurtso identitarioa hor dago, noski. Hizkuntza, kultura, historia, erakundeak aintzat hartuta, Katalunia nazio bat dela aldarrikatzen da. Baina, horrekin batera, bi ardatz berri ditu diskurtso independentistak. Ardatz demokratikoa da bat; atzera baino, aurrera begiratzen du, eta etorkizuneko proiektu politiko gisa aurkezten da independentzia. Gaur egungo kataluniarren proiektu demokratikoa, ongizatezkoa. Denen artean eraikitako herri berri bat, hizkuntza eta kultura aniztasuna aintzat hartuko dituena. Eta hirugarren ardatza ekonomikoa da: “Estatu independiente batekin hobeto biziko gara”. Kataluniaren defizit fiskala %16koa da, eta argudio horrek indarra hartu du krisi ekonomikoaren testuinguruan.

Mugimendu anitza

Katalunian tradizioz independentistak izan diren mugimenduetan ika-mika handiak izan dira beti. Horrek zauriak utzi ditu, elkar ezin ikusiak. 2009-2010ean, Kataluniako Asanblada Nazionala sortzea pentsatu zenean, iragan hori hartu behar zen kontuan, berriro errepika ez zedin. Aurreiritziek ez zezaten elkarrizketa hasieratik oztopatu, formula berritzailea erabili zen. Sona handiko 80 bat lagunen zerrenda bat osatu zen, eta binakako elkarrizketa-eztabaidak proposatu ziren, baina erabat anonimoak. Inork ez zekien norekin ari zen eztabaidan. Bikoteak auzaz osatu ziren –zenbaki bat zuen bakoitzak–, eta eztabaidak posta elektronikoz izan ziren. Aurrez aurre elkarren artean hitz egiteko gai ez zen jendearen artean ere adostasun maila handia lortu zen.

Aniztasunaren mesedetan ere, hainbat gai arantzatsu eztabaidatik atera dira. Adibidez, hizkuntzarena, gizarte ereduarena… Eta gatazkak sortzen direnerako konponbiderako mekanismoak asmatu dira.

Herritik sortua

Kataluniako prozesua gizartetik sortu da, eta hori aktibatzeko ezinbestekoak dira gizarte zibileko erakundeak. Kataluniaren kasuan, funtsezko papera jokatu dute Omnium Culturalek eta Kataluniako Asanblada Nazionalak (ANC), besteak beste. Gero, Artur Masen gobernuak bat egin zuenean herritarren eskaerarekin, askoz jende gehiago batu zen prozesura. Alderdien arteko akordioa haustear egon denean ere, gizarte zibilaren presioak bultzatu ditu berriro adostera.

Euskal Herritik begiratuta, hor ikusten du, hain zuzen ere, hutsunerik handiena Peio Urizarrek: “Kataluniak erakutsi digu bidea herriak egin behar duela, alderdiek bakarrik ezin dute. Hor dago Ibarretxeren adibidea. Baina hemen gizarte zibila aktibatzeko lan handia dago egiteko”.

Azaroaren 9tik aurrera zer?

Azaroaren 9ko herri kontsulta independentzia lortzeko ekintza erabakigarritzat zuten arren, Espainiako Estatuaren oztopokoak zapuztu egin dute neurri handi batean, nazioarteari begira nahikoa bermerik ez duelako izango. Baina parte hartze masiborako eguna izango da eta kontsulta egingo da. Bi milioi lagunek bozkatzea da erronka. ANCk bat egin du Masen proposamenarekin, baina baldintza batekin: azaroaren 9koa izan dadila hauteskundeen atariko ekintza, eta hauteskundeetara aurkez dadila independentziaren aldeko zerrenda bakarra. Baina hori airean dago oraindik.

Antolatzaileek bideoan grabatu zuten hitzaldia. Hemen ikus dezakezue: