Plataformak ez du ontzat ematen hondakinak biltzeko sistema berria

Baleike 2014ko urr. 27a, 12:32

Zumaiako Plataformak jakinarazi du ez duela "balioztatzen Udalak iragarri duen azken proposamena, sistemak ez baititu jasotzen orain urte eta erdi hondakinen mahaiko partaideak sinatutako akordioa". Hemen irakur dezakezue prentsa oharra:

Plataformaren oharra:

Akordioa sinatu ondoren, gutxi edo batere ez da aurreratu lehenengo urte horretan eta orain, urte erdi honetan badirudi presa sartu zaiola gobernu taldeari. Mahaiko partaideak behin bakarrik izan dute aukera teknikari batekin egoteko, 2013ko urriaren 11n eta bertan zalantza asko adierazi zituen, ondorioztatuz "edozein sistema jartzekotan, frogak egin behar direla, udalerri osoan sistema ezarri aurretik".

Hainbat azterketa egin ondoren garbi geratu da sinatutako akordioak sailtasun asko agertzen dituela, teknikoak zein ekonomikoak eta azken urte honetan aldaketa desberdinak proposatu direla, zalantza askorekin, zehaztasunik gabe eta teknikariak hondakinen mahaian aurkeztu edota defendatu nahi ez dituztenak.

Plataformak lortutako helburuekin pozik gaude, lortu bai dugu plataforma sortu arazi zuen helburu nagusiena, hau da atez atekoa momentuz geldiaraztea gaika biltzeko edukiontzien puntuak ugaltzea, San Juan Iturrin bezala. Puntu honetan eta zumaiarren erantzun onari esker asteko zazpi egunetan jaso behar izaten da papera. Halaber, Alondiga eta Algorri moduko udal lokaletan gaika jasotzeko ontziak jarri dituzte. Gutxienez sermoia ematerako, udalak bidea egina izatea espero degu Zumaiarrok.

Sarritan entzun diogu udal agintari gorenari eskatzen herrian hondakinen inguruan sortutako eztabaida arlo politikotik atera eta arlo teknikotik eta kudeaketa ikuspegitik eztabaidatu behar zela eskatzen. Denborak erakutsi digu baina gobernu talde hau dela hondakinen gaia ikuspegi politikoetatik bakarrik tratatzen duena. Helburua eta harturiko bidea imposaketa da, urteak aurrera joan hala, kontzientzazioren bidea jorratzeko aukera ere gaur egun eziñezkoa zaio udal gobernuari, ez bait ditugu eskura ezinbestekoak diren baliabide minimoak hala nola;

Autoa hartu (daukanak) eta J.M. Korta poligonoan dagoen garbiguneraino joan behar ez izateko asperturik gaude Zumaiak gutxienez biltegi puntu bat behar duela eskatzen. Nork ez dauzka jostailurik, tresna elektrikorik, edota pinturarik botatzeko?

Bestalde, mankomunitateak Zumaiarako, "sistema berriaren ezarketa" iragartzen digun bitartean, harrotasunez adierazten du Aian eta Getarian etxola puntu berriak jarri direla. Eta Zumaian noiz? Sistema berria ezarri ondoren?

Inbidiarekin ikusten dugu mankomunitateko udalerriak kontzientziazio lanetan ari direla, bitartekoak jarriaz. Bitartean, aurtengo gure herriko gaikako bilketaren daturik ez dugu. Gobernu talde honek gaikako bilketari buruz duen benetako kezkaren beste adibide bat.

Atentzioa eman digu eta baita ere haserrea sortu, gobernu taldeari, azken urte erdian, sartu zaion presagatik zerbait egiteagatik “denborarik ez dugulako” beraien hitzetan eta plataformak egiten duen galdera da: Zergatik edo zertarako ez dago denborarik? Guretzat beti dago denbora gauzak ondo egiteko.

Plataformak ez du balioztatzen udalak eta mankomunitateak hedabideei aurkeztutako azken proposamena:

-Azken urte eta erdi honetan aurkeztutako zalantza tekniko eta ekonomikoengatik.

-Aurkezten duten azken “sistema pilotoa”, nork, zer botatzen duen ez du bermatzen, egun dugun sistema bera bezala, baina deserotasun handiak ditu, asteko egun batera mugatzen baitu errefusa.

-Mankomunitateak berak deitzen dion “sistema pilotuaren” zehaztasun ezagatik. Aurkeztu dituzten etengabeko aldaerek adierazten dute gobernu talde honen zorroztasun eta seriotasun falta.

Guzti honengatik eta kontuan izanik egin beharrekoak liratekeen inbertsioak, plataformak bere desadostasun osoa adierazten du “sistema pilotu” honen aurrean.