Datozen egunetan jakingo da nork erosiko duen TS Fundiciones enpresa, eta zabaltzen den egoera berriaren aurrean Zumaia eta Zestoako alkateek honako adierazpen publikoa egin dute gaur lantoki aurrean:
Zestoa eta Zumaiako udal ordezkariek gizarteari
Datorren egunetan TS FUNDICIONES enpresaren etorkizuna argituko dela jakitun, eta bertako langileek euren aldarrikapenak lantokian bertan egin dituztela jakinda, guk Zumaiako eta Zestoako alkate garenok, hona, lantokira bertaratu gara ondorengoa adierazteko:
Salmenta prozeduraren inguruan langileek azalarazi dituzten kezkak gure egiten ditugu: hau da, lantokia martxan jartzea beharrezkoa, ezinbestekoa da udalerria eta eskualdearentzako.
Hortaz, salmenta prozesuan sortuko den enplegua, zuzenekoa eta zeharkakoa, eta enplegu horren kalitatea funtsezkoak dira Zestoako eta Zumaiako herrientzat. Horrela, salmenta prozesua horren arabera burutzea eskatzen diogu administradore zein epaileari, guztien onerako izango den irtenbide baten alde egin dezaten eskatzen diegu.
Ahal dugun neurrian, guk ere horrela izateko lan egiteko konpromisoa gure egiten dugu.
Era berean, TS FUNDICIONESeko langileak bertan izanda, euren egoera larriaren aurrean gure elkartasuna eta babesa adierazi nahi diegu, eta euren eskubideen defentsan agertutako jarrera eta egindako lana txalotu nahi dugu.
Zestoa eta Zumaiak behar dutelako, TS bizirik!