“Aniztasunean aberatsak gara oso; elkarbanatzeko tresnak sortu behar ditugu”

Baleike 2014ko urr. 3a, 10:50

Jatorri aniztasunaren aurrean Zumaian nagusi diren iritziak eta diskurtsoak aztertu ditu Aztikerrek Udalarentzat. Datorren astetik aurrera bilerak egingo dira herriko elkarteekin, gaiari buruz hausnarketa egin eta aurrera begirako urratsak adosteko.

Joan den urtean Aztikerrek egindako lehen azterketarekin jakin zen, besteak beste, Zumaian 53 herrialdetatik etorritako biztanleak daudela, zumaiarren ia erdia herritik kanpo jaio direla. Zenbaki hutsetan gelditu gabe, pauso bat harago egin nahi izan du Udalak bigarren azterketarekin, eta jatorri aniztasunaren inguruan herrian egon daitezkeen diskurtsoak aztertu ditu Aztikerrek. Horretarako, jatorri anitzeko bederatzi lagun elkarrizketatu ziren 2014aren hasieran, eta orain ondorioak aurkeztu dituzte. Hala ere, Maitane Agirre Aniztasun zinegotziak azaldu bezala, “ikerketa hauekin aurrelan bat besterik ez dugu egin. Orain dator benetako lana, herritarrekin, arlo ezberdinetan aniztasuna lantzea”. Bide horretan, norbanako eta eragileen arteko gaiaren hausnarketa bultzatzeko partaidetza prozesua abian jarriko da datorren astean.

Aztikerrek bigarren azterketarako egindako elkarrizketetan hainbat gai landu dira. Esate baterako, zumaiarren artean zer diskurtso nagusitzen da herrira iritsi berrien inguruan? Hiru dira ikerketan jaso diren jarrerak eta diskurtsoak, baina nabarmenena indiferentzia da. Horrela laburtu du Aztikerreko Markel Ormazabalek: “Pobrezia egoera batean eta motibazio ekonomikoak bultzatuta Euskal Herrira etorri den pertsona gisa ikusten da etorri berria. Batez ere, egiten dituzten lan motak aportatzen dutela nabarmentzen da, balorazio moralik egin gabe. Aniztasun kulturala ez da ikusten ez mehatxu ez aukera gisa; hor kanpoan dagoen zerbait da, norberari askorik eragiten ez diona. Eskolan edo erosketak egiterakoan gurutzatuko dira, baina bestela bizitza paraleloak daramatzate”.

Zumaiarren artean badira ikuspegi zabalagoa dutenak, pertsonengan zentratuagoa. “Etorri berrien inguruan ikuspegi zabala dute, etorri da kanpotik datorren oro. Jatorria ez da epaitzen”, azaldu du Ormazabalek. Eta horrela pentsatzen dutenen erretratu modukoa egin du: “Posizio honetan dauden pertsonak egonkortasun eta ziurtasun egoera batean daude, familiak edo lagunarteak babesten dituen testuinguru batean. Ezagutza minimo batetik abiatzen dira. Sentsibilitate eta enpatia bati esker, kontzientzia maila bat dute migratzeak duen gogortasunaren inguruan. Lan eskuaz gain, herriari bestelako aberastasuna ekartzen diotela sentitzen dute. Aniztasuna positiboki baloratzen dute, batez ere, munduari irekitzeko aukera da”.

Baina diskurtso negatiboagoak ere badaude, mesfidantzatik eraikitakoak. Horrela jaso da ondorioetan: “Pobrezia egoera batean dagoen herrialde batetik datorren pertsona da etorri berria. Euskal Herrian paradisuan balego bezala irudikatzen dute, eta haren mendekotasun egoera erabat ezkutatzen da. Etorri berriak dira dirua irabaztera datozenak, epe baterako eta integratzeko asmorik gabe. Ez zaie atxikitzen bertako kulturan murgiltzeko inolako gogo eta asmorik. Aportatzen duten bakarra lan eskua da, aniztasunari ez zaio bestelako baliorik ematen. Etorri berriei begira ezberdintasunak soilik ikusten dira, konnotazio negatiboa duten ezberdintasunak”. Hori dela eta, estereotipo negatiboak maiz irteten dira diskurtso honetan.

Diskurtso ezkorren aurrean, Zumaiako Udalak uste du aniztasuna aberastasuna dela, eta zubiak eraiki behar direla aberastasun horri bidea zabaltzeko. “Aberatsak gara oso, baina bakoitzaren aberastasuna elkarbanatzen ikasi behar dugu. Horretarako gune edo tresnak sortu behar ditugu”, esan du Eneko Agirre kultura zinegotziak.

Zubi horiek eraikitzen hasteko, datorren asteazkenetik aurrera bilerak egingo dira herriko hainbat elkarte eta taldetako ordezkariekin, gaia elkarrekin jorratu eta hausnarketa kolektiboa egiteko.

Bilerak

Lekua: Alondegia

Ordua: 18:00etan.

Urriaren 8an, hezkuntza, kirola eta aisialdiko eragileak.

Urriaren 14an, gizarte gaietako eragileak.

Urriaren 15ean, kultur eta identitate elkarteak.

Anitzen barratza, urriaren 31n, Alondegiko plazan