Urrian bilerak antolatuko dira herriko elkarteekin Aztikerrek gidatuko duen parte hartze prozesuaren barruan, diagnosia egin eta Anitzen Sarea sortzeko aukera aztertzeko helburuarekin. Datorren astean aurkeztuko ditu Udalak egindako azterketaren emaitzak eta aurrera begirako urratsak.
Duela pare bat urte hasi zen Aztiker Zumaiako kultur eta jatorri aniztasuna aztertzen, Zumaiako Udalak eskatuta. Zumaiako biztanleen jatorria ikertu zuten lehenik, erroldako datuetatik abiatuta, eta emaitzak emandako erradiografia esanguratsua izan zen oso: zumaiarren %45 ez dira Zumaian jaio. Datu orokor hori gehiago xehetuta, Zumaiatik kanpo jaiotako gehienak Euskal Herrian jaio dira, eta hurrengo multzo handiena Espainiatik etorritakoek osatzen dute; baina, azpimarratzekoa da, gaur egun, munduko 53 herrialdetatik etorritako zumaiarrak daudela.
Datuz jositako lehen ikerketa kuantitatiboak, baina, hurrengo urratsa eskatzen zuen. “Zumaiako biztanleen jatorriaren argazkia egin ondoren, bederatzi elkarrizketa egin genituen, norbanakoen iritziak jasotzeko”, azaldu du Aztikerreko kide Markel Ormazabalek. Elkarrizketa horietan jaso dira etorkinen motibazioak Zumaiara etortzeko, behin hemen nolako bizimodua daramaten, gizarteratzeko dauzkaten oztopoak; baina, ikertu da, baita ere, zumaiarrek ikuspegia: harremanik ba ote duten etorkinekin, zer iritzi duten, zer neurri hartu beharko liratekeen… Datorren astean aurkeztuko ditu Udalak azterketaren ondorio nagusiak.
Informazio hori guztia esku artean, jatorri aniztasunari heldu eta elkarbizitza sustatzeko bideak zabaltzeko erabakia hartu du Zumaiako Udalak. “Ideia da kulturartekotasuna landuko duen tresna bat sortzea, anitzen sarea sortzea. Hori Udaletik bultza daiteke hasiera batean, baina herritarrek egin behar dute bere, benetan eraginkorra izango bada. Horregatik, parte hartze prozesu bat zabalduko da, informazioa eta iritziak plazaratzeko, eta denen artean erabakitzeko beharrezkoa ote den urratsak egitea bide horretan, eta hala bada, zer tresna edo bide izan daitezkeen egokienak”, dio Ormazabalek.
Bilguneak aurkitu
Horretarako, herrian antolatuta dauden elkarteengana joko da, lehenik eta behin. “Harreman sarea eraikitzeko bide zuzenena elkarteak dira, eta elkarteen arteko harremanak sustatzea izan daiteke bidea” Ormazabalen iritziz. Baina aitortzen du arazo bat egon ohi dela herri gehienetan: “Hainbat herrialdetatik etorri diren biztanle horiek normalean ez daude antolatuta, eta ez dute herriko elkarteetan parte hartzen. Garbi dago hori bultzatzea izan daitekeela lehen zereginetako bat”. Eta Lasarte-Oriako kasua aipatu du. “Lasarte-Oria eta Zumaiako biztanleriaren ezaugarriak ezberdinak dira, baina han ere sarea bat sortzeko helburuarekin sortu zen antzeko dinamika bat. Azkenean emaitza beste bat izan da, baina elkarteen arteko harremanak bere fruituak eman ditu. Batzutan zailtasunak daude, kulturaren arabera, ohitura ezberdinak dauzkagulako. Esate baterako, gu orain oso pintxo-pote zaleak bihurtu gara baina, adibidez, sahararrek ez dute ohitura hori; haiek lanetik irten eta etxeetan biltzen dira, elkarrekin egon eta solasean egiteko. Bada, hori aintzat hartuta eta errespetatuta, denon bilgune izan daitezkeen ekimenak landu behar dira”.
Elkarteekin bilerak urrian eta azaroan egingo dira, arloka banatuta. “Urriko bileran informazioa emango dugu eta lehen iritziak jasoko ditugu. Ondoren, batzar bat egingo dugu denon artean, ondorioak amankomunean jartzeko. Azkenik, azaroan bigarren bilera egingo dugu atalka, handik aurrerako pausoak zein izan daitezkeen zehazteko”, esplikatu du Ormazabalek.