"Desobedientziaren bidetik jarraituko dugu"

Baleike 2014ko ira. 23a, 23:08

Madrilgo Vallecas auzoan harrapatu dugu Beñat Lizeaga, telefonoaren bestaldean. "Epaiketako saioa amaitu denean, Hemengo Alfon Libre mugimendukoek beraien lokalera gonbidatu gaituzte; harrera beroa egin digute eta oso eskertuta gaude". Gaur deklaratzen azkena izan da Beñat. Ziurrenik bihar deklaratuko dute falta diren zortziek eta, dena ondo bidean, ostegunean etxean izango dira. "Hortik aurrera ikusi egin behar epaiketak zer bide hartzen duen". Hiru egun hauetan bizitakoak kontatu dizkigu.

Epailearen aurrean deklaratu du Beñat Lizeagak

Bidaurrek salatu du 'Txato' aipatu ziotela mehatxatzeko

 

Beñat, hiru egun pasa dira Loiolako prentsaurrekotik. Gauza asko gertatu dira...

Gauza asko, bai. Igandean prentsaurrekoa eman genuen Loiolan, konponbide garaian egonda ez delako ulertzen nol oraindik epaiketak egiten ari diren militantzia politikoagatik. Han erabaki genuen desobedientziaren bidea hartzea eta jarrera hori gauzatu da; alde batetik Loiolan, herri harresiarekin; eta bestetik, Madrilgo epaiketan, Angela Murillo epailea hizketan hasi zenean jaiki eta bizkarra eman genionean. Angel Murillo epaileak aurreikusi zuen zerbait gertatuko zela. Guk hala sumatu genuen, polizien jarreran, eta telebistetako kamerak ere itzalita ikusi genituen. Epaitegiko protesta ez zen atera guk nahi bezala, baina merezi izan zuen. Gainera, auziperatuetako batek bere torturatzailearen argazkia erakutsi zion epaileari. Aurrerantzean ere desobedinetziaren bidetik jarraituko dugu, beste modu batzuetara, jarraituko dugu aldarrikatzen epaiketa hauek ez direla zilegi.

Loiolako Herri Harresian gertatutakoa momentuan jarraitzeko aukera izan al zenuten Madrilen zeundetenok?

Bai, izan dugu hango berri, twitter bidez jarraituta, telebistatik ikusi diren irudiekin, eta batez ere Loiolan zeuden lagunek kontatutakoari esker. Zumaiako lagunak ere bazeuden han eta haiei deituta jakin nuen zer ari zen gertatzen. Guk oso positiboki baloratzen dugu Loiolakoa, elkartasun mezu asko jaso ditugu, ez bakarrik Ezker Abertzaletik, baita beste esparru politiko batzuetatik. Aipatzekoa da Gipuzkoako EGIrena. Gernikan aurkeztu genuen adierazpena bihurtu nahi dugu gure borrokaren ikur eta ahalik eta babes sozial handiena lortzea nahi dugu.

Loiolan atxilotutako bost lagunekin hitz egiteko aukerarik izan al duzue?

Bai, epaitegian ikusi ditugu. Epaileak kaiolatik atera eta aretoko lehen lerroan eseriarazi ditu. Gu hiru lerro atzerago egon gara. Loiolan atxilotu eta zuzenean ekarri zituzten Zarauzko komisaldegitik, arropak aldatu gabe. Batzuk arropak txikituta zeuzkaten, eta zauriak ere bai. Medikuek laguntza behar izan dute.

Gaur deklaratzen azkena izan zara. Nondik nora joan da zure adierazpena?

Hasteko, denok deklaratu dugu militante politikoak garela, Euskal Herriaren askapen sozial eta nazionalaren alde borrokatu genuela, borrokatzen dugula eta etorkizunean ere egingo dugula. Gero, nire deklarazioan hainbat kontu pertsonal azaldu ditut, etxean aurkitutako materialaren inguruan, Izpurako agerraldiaren inguruan.

Noiz bukatuko da zuen deklarazioen txanda?

Astelehenean zortzi lagunek deklaratu zuten eta gaur beste hamarrek. Dena ondo badoa, bihar deklaratuko dute gainontzekoek eta ostegunean etxera bueltatuko gara. Hortik aurrera, ikusi egin behar epaiketak zer bide hartzen duen. Datorren astean perituei dagokie deklaratzea, gure etxeetan sartu ziren poliziei, eta gutako asko torturatu zituztenei.

Gaurko saioa amaitu denean Vallecas aldean izan zarete...

Vallecasera gonbidatu gaituzte hango Alfon Libre mugimendukoek. Ez dute zerikusirik gure Libre mugimenduarekin. Taldea sortu dute pertsona bat epaituko dutelako Auzitegi Nazionalean greba orokor bateko istiluengatik. Beraien lokalean izan gara eta elkartasun guztia adierazi digute. Egia esan, esan beharra dago beste Madril bat ere badagoela guk beti izan dugun irudiarekin zerikusirik ez duena. Oso eskertuta gaude egin digute harreragatik.