Lehenengo puntista zumaiarra

Baleike 2014ko ira. 16a, 11:01

[/caption]

Joko-garbi edo punta-bolea pilota jokotik zesta-puntarako transizio garaian, XIX. mendearen azkenetan, bazen zumaiar pilotari bat, Marinero de Zumaia goitizenarekin ezagutzen zena. Venancio Iraundegui Ecenarro, ziren bere izen-abizenak. ZIIZ elkarteko kide Pedro Etxabek idatzi digu bere historia:

Venancio Iraundegui Ecenarro, Zumaian jaioa zen, 1867. urtean, bost senideko famili batean (gazteena zen bera). Aita Zumaiakoa zen eta ama Debakoa, eta pilota jokorako zaletasuna gaztetatik zetorkion nonbait. 1882an, frontoi hobeago bat eskatuz Udalari ehun bat zumaiarrek bidali zioten idatziaren sinatzaileen artean ageri zen Venancio Iraundegui.

Baina sei urte beranduago pilotari bihurtua zen. 1888ko urriaren 5ean, beste 29 pilotariekin batera, tartean Eibarko Txikito, Buenos Aireserako norabidea hartu zuen Bartzelonako portuan Norte América itsasontzian.

Ez dakigu pilotari bezala noraino iritsi zen. Antzina aldizkarian argitaratutako pilotarien zerrendan ageri da Venancio Iraundegui Marinero, Punta-bolea eta Zesta-puntako pilotari bezala. Bestalde, Luis Bombínen El Gran libro de la Pelota-ren II. Tomoan hau irakurri genezake:

“Iraundegui, Venancio. MARINERO. Nació en Zumaia y cultivó la especialidad de cesta punta. Delantero.” Eta beste pasadizo bitxi hau ere bai: “Durante una epidemia de viruela, en Chile, fue dado por muerto y enterrado vivo, pero estaba solo borracho, y despertó soltando juramentos.”

Ez dakigu zein urtetan izan zen gertakari hori. Txilen baztanga epidemia ugari izan ziren eta garai hartan 1898 eta 1903koak aipa genitzake.

Noiz itzuli ote zen Zumaiara? 1910ean ostalari bezala zegoen Erribera kaleko 9. zenbakian, eta 1927rarte behintzat iraun zuen negozioarekin. Bere jatetxeak nolabaiteko sona lortu zuen. Horren adierazgarri, Donostiako Sagrado Corazón ikastetxeko ikasle ohien elkarteak urtero ospatzen zuen festan, 1925ko batzar orokorraren ondoren, abuztuaren 16an Zumaiara eratu zuen txangoa da:

“Excursión a la pintoresca villa de Zumaya en cómodos auto-cars, celebrándose el banquete en el acreditado restaurant de Venancio Iraundegui”.

Elgoibarko Angela Azpiazu Juaristirekin ezkondu zen eta Angelita izeneko alaba bat izan zuten. Hau, Antonio Berazadi Orbe, zarauztar enpresariarekin ezkondu zen eta Zarautzen jarri ziren bizitzen.

Venancio, Zarautzen hil zen 1942ko urriaren 8an. Hileta elizkizuna herri horretan ospatu zen, eta Zumaian hilobiratu zuten. Hilobi bertan daude emaztea alaba eta suhia ere.

Orain arte uste bagenuen Manuel Mugerza eta Xebastian Ulazia zirela Zumaiako lehenengo puntistak, orain badakigu Venancio Iraundegi izan zela aitzindaria.