Zorigaiztoko istripua harraldean

Baleike 2014ko uzt. 31a, 23:58

Gaur arratsaldean zorigaiztoko istripua gertatu da harraldean, Marianton punta inguruan. Arrantzan ari zela istripua izan eta hilik aurkitu dute Daniel Atxega (Orio, 1949), 17:00ak aldera. Oso ezaguna zen Atxega Zumaian, herrian lan asko egindakoa, bai herri kirol mailan bai gizarte gaietan, arazoak zituen jendeari laguntzen.Eguraldi ona aprobetxatu eta hondartza joan da Daniel Atxega emaztearekin. Ordu bata aldera, itsasbeherarekin, harraldera joatea erabaki du, Marianton aldera. Bazter haiek oso ondo ezagutzen zituen Atxegak, sarri joaten baitzen olagarrotara. Baina 16:00ak aldera, ikusirik senarra ez zela ageri, emazteak abisua eman du. Baziren bi ordu itsasoa gora zetorrela eta olatuek nahiko gogor jotzen zuten. Senitarteko bat eta beste lagun bat abiatu dira harraldera eta, zoritxarrez, hilik aurkitu dute gorpua. Larrialdi zerbitzura deitu eta azkenean Ertzaintzaren ontzi batekin atera dute uretatik. Gorpua Donostiara eraman dute, autopsia egitera. Ostiralean ekarriko dute tanatoriora, eta hileta elizkizunak larunbatean izango dira, San Pedro parrokian, 19:00etan.

Orioko Ortzaikakoa bera, Zumaiara ezkondu eta bertan egin zuen bizitza Atxegak. Herri kiroletan ia denetarik probatu zuen: Euskadiko txapeldun izan zen txingatan, eta ondoren lan handia egin zuen Zumaian sokatira taldea sortzen eta entrenatzen; harri-jasotzen ere probatu zuen. Arraunzale amorratua –Jose Luis Kortaren lagun mina–, beti zegoen Zumaiako arraun elkarteari laguntzeko prest. Azken urteotan lan asko egin zuen gizarte gaietan, arazoak zituen jendeari laguntzen. Bihotz handiko gizona.