EAJko eurodiputatu Izaskun Bilbaok hitzaldia emango du Zumaian

Baleike 2014ko uzt. 24a, 16:56

EAJk batzokia zabaldu zueneko 105.urteurrenaren harira antolatu da hitzaldi-solasaldia. Zumaiako EAJren Uri Buru Batzarreko presidente Jesux Olaizolak esan duenez, "Europako legeek ere eragina dute Zumaiako errealitatean".

Zumaiako EAJk, Izaskun Bilbao, eurodiputatu jeltzalea gonbidatu du Europako errealitateari buruz, eta Europako parlamentuak gure egunerokotasunean duen eraginaz hitzegiteko. Bilbaoren hitzaldi-solasaldia, EAJk batzokia zabaldu zueneko 105.urteurrenaren ekitaldiaren barruan kokatzen da. Alondegian egingo da uztailaren 30ean, 19:00etan. Ekitaldi irekia da eta Europako gaiez interesa dutenak gonbidatuta daude. Ondoren, jeltzaleak lagunarteko afari batean elkartuko dira. Urteurrenaren ospakizunak amaitzeko, uztailaren 31n, 11:00etan, hildakoen oroimenez, meza izango da , San Pedro parrokian.

Zumaiako Uri Buru Batzarraren presidente Jesux Olaizolak, prentsara bidalitako oharrean esker ona agertu dio eurodiputatuari gonbitea onartzeagatik eta Europako parlamentuaren funtzionamendua lehen eskutik ezagutzeko aukera izateagatik: "Europako legeek ere eragina dute Zumaiako errealitatean. Orain hamabi hilabete alarma guztiak piztu ziren tax lease gaiarekin eta honek euskal ontziolen etorkizunean, tartean Balenciagan, izan zezakeen eraginagatik. Une hori, Eusko Jaurlaritzaren jarrera tinkoa medio eta gure enpresen lehiakortasun eta berrikuntzarako ahalmenari ezker gainditu ondoren, orain Europako Batzordearen osaketa eztabaidatzen ari dira. Ia amaierarik gabeko negoziaketen ondoren, batzordeak, igaro berri ditugun hauteskunde europarretik ateratako emaitzen isla izan beharko du eta habian jarri lan ardatzak, sustapen ekonomikoa eta enplegua bultzatzeko politiketan lehentasuna jarriaz".