"Auzoari onura asko ekarriko dizkio bidegorriak"

Baleike 2014ko uzt. 16a, 15:05

[/caption]

Zumaiako herrigunea eta Narrondo auzoa lotzen dituen bidegorria erabat amaituta eta erabilgarri dago jadanik. Orain arte errepide bazterretik ibili behar izan dute oinezkoek eta bizikletazaleek, baina aurrerantzean bide erosoa eta arriskurik gabea izango dute.

Mattin Etxanizen bertsoak Narrondo auzoari

Gaur eguerdian inauguratu da bidegorriari falta zitzaion zatia, Txikierdiko biribilgunetik Narrondora doana. Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasun eta Bide Azpiegituretako diputatu Larraitz Ugarte izan da Narrondoko ekitaldian, Zumaiako alkate Iñaki Agirrezabalagarekin batera. “Orain arte Narrondotik Zumaiara bizikletaz joateko erabiltzaileek ez zuten batere segurtasunik, ibilgailu artean egin behar baitzituzten joan-etorriak, baina aurrerantzean segurtasun osoz egin ahal izango dituzte lantokira, eskolara, erosketetara eta abar egin beharreko bidaiak”, adierazi du Ugartek.

Zumaiako alkate Iñaki Agirrezabalagak azpimarratu du Narrondoko bizilagunentzat sekulako aldaketa ekarriko duela bidegorriak. “Historikoki egin duten eskaera izan da, arrazoi osoz, tarte honetan istripu bat baino gehiago gertatu da eta. Bidegorriarekin auzoa eta herria modu seguruan eta erosoan lotu dira eta horrek onura asko ekarriko dizkio auzoari”. Bide batez, auzotarrei eskerrak eman nahi izan dizkie, “izan duten pazientziagatik, bai obrak egin aurretik, bai obrak egin diren bitartean. Badakit orain badazkagula lan batzuk egiteko, baina horiek ere egingo ditugu, ahal dugun neurrian”.

Bidegorriarekin batera, auzoan beste lan batzuk ere egin dira: autobus geltoki berria egin da espaloian, inguruko zirkulazioa antolatzeko arrapala, eta plaza eta haur jolasen gunea berritu dira.

Hurrengo fasean, Arroaraino

Gipuzkoako bidegorrien sarea osatzea da Aldundiaren helburua. Urola inguruari dagokionez, sare horrek bi ibilbide ditu. Bat Urola ibaian behera datorrena –oraingoz Zestoaraino dago bidegorria eginda–, eta bestea kostaldetik Mutriku aldera egin nahi dena. Ugartek  aurreratu duenez, hurrengo urratsa izango da Narrondoko zatia Arroa Behearekin lotzea, baina ez du eperik eman nahi izan.

Aldundiak marraztutako sarean, Arroa Beheko bidegorriak Urola trenbidearen bidea jarraituko luke, Kanterako biribilgunearekin lotu, eta gero Txikierdiko aldapan behera jaitsi Txikierdiko biribilguneraino, gaur estreinatutako bidegorriarekin lotzeko. Arroa Beheko biztanleek, ordea, beste proposamen bat landu dute, printzipioz errazagoa, motzagoa eta merkeagoa dirudiena: Narrondoko bidegorriari segida eman Bombas Azcue enpresaren atzealdetik, Zestoa alderako bidegurutzean biribilgune bat egin, eta bidegorria auzoarekin lotu. Dagoeneko hasi dira sinadurak biltzen, modu batera edo bestera bidegorria auzora lehenbailehen iritsi dadin, Narrondori bezala, Arroa Beheari ere mesede handia egingo lioke eta.