Legea betez, datozen egunotan jarriko da Espainiako bandera, eta horrekin batera, Foruen plazan ikurrina eta udaleko fatxadan plaka bat jarriko dira, pasa den osteguneko plenoan onartutako mozioan adierazi bezala.
2013ko otsailaren 12ko 37/2013 epaiaren bitartez, Zumaiako Udala Espainiako bandera jartzera behartuta dago. Egoera horren aurrean, Zumaiako Udalbatzak adierazi nahi du kezkatuta dagoela Gobernuko ordezkariaren inposaketarekin, ez baitu inola ere kontuan hartzen Udabaltzaren borondatea eta, ondorioz, Zumaiako hiritarrena ere ez.
"Kanpoko eragile bat da –Gobernuko ordezkaria– herri honetako errealitatea batere ezagutu gabe eta gehiengoaren borondateari entzungor eginda, inposaketaren bidez, ondorioak kontuan hartu gabe, Udaletxeko fatxadan Espainiako bandera jartzera behartzen gaituena. Gainera, neurri hori ez dator bat itxaropeneko eta elkarbizitzako aro politiko berriarekin, guztion praktikak sumina eta inposaketak saihestera zuzendu behar baititugu".
Adierazitakoagatik guztiagatik, Zumaiako Udaleko Udalbatzak hau azaltzen du:
Gaur, Zumaiako Udaletik, Zumaiako herriaren ordezkaritza gorenetik, gure erabateko konpromezua adierazten dugu gure herriarekin.
Gure konpromezua adierazten dugu gure gizartearen borondate askearen errespetuarekin. Eta konpromezu honi jarraiki, Euskal Herriaren existentziaren aitortza ezinbestekotzat jotzen dugu, kultur, ekonomia eta politika arloetan borondate librearen sujetu gisa. Era berean Euskal Herritarron erabakitze eskubidea printzipio demokratiko oinarrizkoa da eta euskal gizarteak, bere pluraltasunetik, sarritan adierazi du erabakitzeko eskubidea gauzatzeko nahia.
Bere burua demokratikotzat jotzen duen demokrazia ororentzat ezinbesteko oinarri da aniztasunaren errespetua. Baina aniztasuna ez da soilik erretorika tresna bat, eskubide indibidual eta kolektiboak errespetatzen dituen elkarbizitzaren oinarria baizik.
Argazki uniformeak izateko nahiak soilik totalismora garamatza, inoiz ez elkarbizitzara.
Espainiako bandera gure instituzioetan agertzea agertutako printzipio eta nahietatik oso urrun dagoen erakustaldia da, Estatu espainiaren batasun, independentzia, subirautza eta integridadearen erakusgarri den aldetik.
Hau dena kontuan hartuta ohiko osoko bilkuran, modu integralean jasotzen ditugun, hurrengo lau puntuak onartu ziren:
ZUMAIAKO UDALEAN ESPAINIAR BANDERA JARTZEAREN BETEBEHARRAREN INGURUAN, OHIKO OSOKO BILKURAK ONARTUTAKO ADIERAZPEN INSTITUZIONALAK, 2014ko EKAINAREN 26ean
1) Zumaiako Udalak adierazten du ez dagoela ados eta guztiz gaitzesten duela Udaletxeko fatxadan eta osoko bilkuren aretoan Espainiako bandera jartzeko inposaketa, Zumaiako herritarren gehiengoaren borondatearen aurkakoa delako.
2) Zumaiako Udalaren ustez, egitate horiek bereziki larriak dira egungo testuinguru eta momentu politikoan. Testuinguru honetan konponbideen etorkizuna -eta ez inposaketena- laguntzen duten jarrerak behar ditugu.
3) Zumaiako Udalak erabaki du plaka bat jartzea Udaletxearen sarreran, honako inskripzio honekin: Udalbatzak 2014ko ekainaren 26ko osoko bilkuran adierazitako borondate demokratikoaren aurka, Espainiako bandera jarri da, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren 2013ko otsailaren 12ko 37/2013 epaia betetzeko; hau dio epaiak:
Zumaiako Udala behartuta dago Espainiako bandera udaletxearen kanpoaldean eta eraikin barruan lehentasuna duen toki batean jartzera eta edukitzera.
4) Zumaiako Udalak Euskal Herriko ikurrin bat ezarriko du Foru Enparantzan, herri honen aitortzaren adierazgarri.
5) Zumaiako Udalak erabaki du akordio hau Zumaiako gizarte-eragileei helaraztea, egoki baderitzote adierazpena babestu dezaten.