EAJ: “Udala planifikazio gutxirekin ari da lanean”

Baleike 2014ko eka. 10a, 14:33

EAJ-PNVren taldeak adierazi du udal gobernua “bat batean, inprobisatuz eta planifikazio gutxirekin” ari dela lanean. Prentsa ohar baten bidez, zinegotzi jeltzaleak informatu dute maiatzeko plenoan, “uda gainean dugunean” onartutako aurrekontu aldaketak komentuaren zati bat ostatu moduan egokitzeko, ez daukala eraikuntzaren erabilpena zehaztuko duen osoko proiekturik. 

“Testuinguru horretan- jarraitzen dute- zaila egiten da edonolako irtenbidea eman nahi dion udalaren ekimen hau babestea”.

Aitortu ondoren komentuaren balizko erabilpenak aurreko legealdian landu zirela, nabarmendu dute: “ordutik erabilpen horietarako beharrezkoak liratekeen lanak jasotzen eta zenbatzen duen proiekturik ez da idatzi.”

Horrela EAJko zinegotziak diote EHBilduren udal gobernuak hiru urte segida daramala aurrekontuetan partida bat aurreikusiaz proiektua idazteko nahiz eta ez gauzatu guk eskatzen jarraitu arren. Eta galdetzen dute: “zergatik egon dira besoak gurutzatuta hiru urte hauetan?”.

“Orain presaka eta korrika aurrekontuetan partida bat ahalbideratzen da obra egiteko, ez dagoenean aurreikusita orain lau hilabete onartu ziren 2014ko aurrekontuetan” baieztatu dute.

EAJ-PNVk gogorarazten du 2013an “aurreikuspen ezagatik” aterpearen irekiera atzeratu zela eta eskatzen aritu direla bere kudeaketa neguan planifikatzea presaka ibiltzea ekiditzeko eta batez ere Donajakue bidea egitera doazenak denborarekin eduki dezaten aterpe honen berri”

Azkenik adierazi dute: “Orain arte, EHBilduk argudiatu du aterpea urtean bi hilabetez bakarrik zabaltzen zela hotelariek eskatzen zutelako, aterpeko tarifak beraienak baino merkeagoak direlako”. Horregatik zinegotzi jeltzaleek galdetzen dute: “Zer da orain aldatu dena, gobernu taldea baldintzak aldatu nahi izateko eta ustiaketarako esleipena urte osorako egitea pentsatzen egoteko? Beste inprobisazio bat? Herritarren beste ordezkariei jakinarazi nahi ez dien pisuzko beste argumenturen bat?”