Haur lapurtuen inguruko hitzaldia izan zen ostiralean Alondegian, Erkibe Kultur Elkarteak antolatuta. Mertxe Aizpurua kaltetuetako bat da: ahizpa ustez lapurtuaren bila dabil.
San Telmo kalekoa da Mertxe Aizpuruaren familia. Beraien etxea dagoeneko ez da existitzen; bota egin zuten eta orain etxebizitza bloke berri bat dago. “San Telmo kaleko auzotarrok familia handi bat ginen. Denok etxekoak. Guk ez genuen amonarik ezagutu eta Luisa torera zen guretzat amona. Zenbat marru egiten zigun erderaz hitz egiten genuelako…Edozer gauza behar genuenean, Luisarengana jotzen genuen. Gure ama erditzeko jarri zenean ere, Luisa joan zen amarekin ospitalera”. Zazpigarren seme-alaba zuen Mertxeren amak, baina etxetik kanpo erdituko zuen lehena, Donostiako Gros auzoko klinika batean –bat baino gehiago zegoen orduan inguru hartan eta ez dakite zehazki non–. “Mercedesek neskatxa eder bat” erditu zuela esanez bueltatu zen Luisa etxera, dena ondo zegoelakoan. Baina, handik gutxira, esku hutsik bueltatu zen etxera Mercedes. “Esan zioten bizirik jaio zela baina barrutik osatu gabe, eta hil egin zela. Haurraren gorpua non zegoen galdetuta, esan omen zioten beraiek arduratuko zirela guztiaz”. 1958an edo 1959an gertatu zen; Mertxek 11 edo 12 urte zituen orduan, eta gaiaz ez zen gehiago hitz egin. Berrogei urtetik gora pasa behar izan ziren telebista saio batean antzeko lekukotasun bat entzun eta Mertxerengan galderak pizten hasteko.
Zuen ahizpa lapurtua izan zela pentsatzen duzue; hasi zarete galderak egiten, baina erantzunik jaso al duzue?
Ez dugu inolako agiririk aurkitu. Badirudi gure ahizpa ez zela existitu ere egin, amak ez zuela erditu… Ibili naiz inguruko epaitegi guztietan, Donostian, Aldundian… Ezer ere ez. Erantzun digute paperak uholde batean galdu zirela eta bakarrik 1975etik aurrerakoak dauzkatela. Beste batean ere esan zuten ETAren lehergailu batek suntsitu zuela artxiboa… Dena gezurra, 1950eko hamarkadako aborto agiri batzuk azaldu baitira. Eta gainera, nola da posible uholde batek agiritegi guztietako artxibo guztiak eramatea? [pullquote]Nola da posible uholde batek agiritegi guztietako artxibo guztiak eramatea?[/pullquote]
Zuen salaketa da erakundeek ez dutela gai honekin jarraitu nahi. Zergatik?
Gogorregia delako onartzea herri honetan haurrak lapurtu eta saldu egin direla, eta izen handiko jendea dagoelako inplikatuta. Zikinkeria asko dago gordeta, baina agindua eman da haur lapurtuen kasuak ez ikertzeko. Gure kabuz ari gara kasuak ikertzen, eta oztopoak baino ez ditugu aurkitzen, ateak itxi egiten dizkigute.
Hala ere, zuek elkartetik egindako ikerketetan azalpena eskatzen duten kontraesanak aurkitu dituzue gutxienez…
Bai, kontraesanez josita daude gure kasuak eta horiek ikertu egin beharko lirateke. Nola da posible agiri batek haur bat hiltzat ematea eta handik bi egunera beste agiri batek esatea haur berbera erresidentzian artatu dutela. Horrelako asko. Guk lan handia egin dugu informazioa biltzen. Garai haietan lanean zeuden ginekologoak zerrendatu ditugu, emaginak, erizainak… Hori dena Ertzaintzaren esku jarri da, baina zerrendako bat edo beste galdekatu dutenean ez da ezer argitzeko intentziorik egon. [pullquote]Gure kabuz ari gara kasuak ikertzen, eta oztopoak baino ez ditugu aurkitzen[/pullquote]
Zergatik diozu hori?
Adibidez, ginekologo bati galdetu zioten ea haur lapurreta kasuren batean zerikusirik izan ote zuen. Hark, lojikoa denez, ezetz erantzun zuen. Kitto. Beste kasu bat: agiriak aztertuta, ikusten da ginekologo batek 20 urtez moja bat izan zuela berekin lanean erditze gehienetan; ahizpa Juana. Bada, moja hura ezagutzen ote zuen galdetuta, ezetz erantzun zuen, lasai asko. Eta kitto. Hor bukatu zen dena. Berdin zenbait erizain eta emaginekin. Guk eskatu genuen kaltetuei ere galdetzeko. Baina ez zuten nahi izan. Garbi daukagu dena estali nahi dutela.
Aranzadik ikerketa egin berri du Fraisoroko umeen inguruan, Aldundiak eskatuta. Ezer ezohikorik ez zela gertatu ondorioztatu dute. Nola hartu duzue?
Salaketa hori aspaldikoa da, Donostiako Erresidentzia eta Fraisoro artean umeak galtzen zirela, alegia. Duela urte batzuk, Erresidentzian zuzendariorde izandako bat gerturatu zitzaigun eta esan zigun bera han lanean egon zen garaian kontu arraroak egon zirela. Galdetu genion ea azalpenak emateko prest ote zegoen eta baietz erantzun zuen. Oraindik ez dute deklaratzera deitu… Aranzadik egindako ikerketa oinarritzen da dagoen dokumentazioan, baina beraiek aitortzen dute agiriak falta direla. Hala ere, dagoena aztertu eta dena ondo dagoela ondorioztatu dute. Eta Aldundia horrekin konforme.
Hemen ateak itxita aurkitu badituzue, kanpoan eskatu al duzue laguntza? Europan, esate baterako?
Hasi gara bide horretan lanean. Lehen urratsa Argentinan eman genuen. Han salaketa jarri eta kasua aztertzen ari den epailea laster etortzekoa da Bilbora. Gure ikerketaren emaitzaren berri badute, eta harrituta daude zenbat informazio dagoen. Bestalde, duela hilabete eta erdi Bruselan egon ginen. Bilera izan genuen gai hauek aztertzen dituen batzordearekin eta izan genuen aukera haur lapurtuen berri emateko. Harrera ona egin ziguten, baina ikusi beharko da horrek zer bide egiten duen. [pullquote]Argentinan salaketa jarri eta kasua aztertzen ari den epailea laster etortzekoa da Bilbora[/pullquote]
Zumaian bi kasu ezagutzen ditugu publikoki, zuena eta domingueztarrena. Zalantza duen jende gehiago izango da, baina ez da erraza izango urratsa egitea…
Kasu gehiago badaude, bai, baina jendeari beldurra ematen dio. Askotan esaten zen ustez adopzioan emandako haurrak abandonatutakoak zirela, amak prostitutak zirela eta abar… Kasuren bat argitu denean ere, hasieran ez da erraza izaten, kontatu dizuten horri buelta eman behar diozulako. Baina elkartea horretarako dago, laguntzeko.