Arratsaldeko bostak jo berritan izan da, inguruan zeudenek "krakateko ikaragarri bat" entzun dute: magnolioaren adar handi bat hautsi eta Erribera kalera erori da.
Hosto artean ikus daiteke hausdura non gertatu den eta, egin esan, ikaragarria da adarraren lodiera. "Pisu handia du eta, hau ere, zahartuta dago, gu bezalaxe", egin du komentarioa begira zegoen gizon koadrila batek. Maria eta Joseko ikasle talde bat ere harrituta gelditu da adar eroriari begira, Parrokiatik jaitsi berriak: "Lehen pasa garenean ez zegoen erorita, eta ikusi orain!". Izan ere, lekuko batek kontatu duenez, haurrak pasa eta berehala erori da adarra lurrera. Zorionez, ez du inor harrapatu azpian. Oraingoz, udaltzainek zinta batekin inguratu dute adar eroria, eta ahal bezain pronto kenduko dute.
Gipuzkoako handiena
Egiaztatzeko daturik ez daukagu esku artean, baina garai batean behintzat esaten zen Gipuzkoako magnoliorik handiena zela, kopari begiratuz gero. Ez da, hala ere, adarren bat galtzen duen lehen aldia. Baleikeko hemeroteka begiratzen hasi eta 1996ko albiste txiki bat aurkitu dugu: orduan elurtea egin zuen Zumaian, eta elurraren pisuarekin adar handi bat hautsi zitzaion. Argazkiaren oinean hau irakur daiteke: "Hemendik aurrera ez da Gipuzkoako magnoliorik handiena izango". Gaur galdutako adarrarekin ere arindu ederra hartu du.