Gereka eta Barruetabeña Espainiako txapeldun

Baleike 2014ko mai. 12a, 09:56

Neguan egindako lan gogorrak fruitua eman du: Itxas-Gaineko Unai Gereka eta Imanol Barruetabeña jubenilek Espainiako txapelketa irabazi dute maratoiko distantzian. Garaipenari esker, Europako eta Munduko txapelketak jokatzeko txartelak eskuratu dituzte. Joan den astean Azkolako fundizioan lan istripua izan zuen Imanolen aitari eskaini nahi dio garaipen Itxas-Gainek.

Joan den astean Itxas-Gaineko kideek iragarri ziguten asteburuan Badajozen jokatzekoa zen Espainiako Maratoi Txapelketa gorriz markatuta zutela egutegian. Prestaketa guztia proba horretara zuten bideratuta eta itxaropen handiekin abiatu ziren Extremadura aldera, batik bat jubenil mailan nabarmentzeko aukera zegoelako. Eta aurreikuspen onenak bete dira, Unai Gerekak eta Imanol Barruetabeñak irabazi baitute jubenil mailan, nagusitasun handiarekin gainera –bigarren K2ari 47 segundoko aldea aterata–. "Irteeratik seikote batek egin zuen aurrera, tartean bi K2 zumaiarrak. Azken aurreko lehorreko garraiatzean Unaik eta Imanolek tartea egin zuten korrika, eta azken bi itzuliak bakarrik egin zituzten", azaldu digu Xabier Osa entrenatzaileak.  Zumaian duela hilabete pasa jokatu zen Euskadiko Txapelketan erakutsi zuten maila handia dutela –senior onenekin izan ziren buruan– eta Badajozen ikusi da bikote bikaina osatzen dutela. Gainera, garaipenak sari bikoitza du, Europako eta Munduko txapelketak jokatzeko txartelak irabazi baitituzte.

Ez da izan Badajozen lortutako emaitza bikain bakarra. Irati Osa bigarren izan da K2an, Plentziako piraguista batekin. Klub berekoak ez direnez, ez dituzte aintzat hartu sailkapenerako –dominarik ez du ekarri–, baina bai Europako eta Munduko txapelketarako hautaketa egiteko. Emaitza bikaina da, beraz, Iratik lortutakoa. Gainera, K1ean ere lehiatu zen eta ozta-ozta egin zion ihes brontzezko dominak. Hirukote bat iritsi zen helmugara azken domina eskuratzeko borrokan, eta Iratik laugarren postuarekin konformatu behar izan zuen. Eta osatarrekin jarraituz, Xabier Osak urrezko domina lortu zuen, beste behin, beteranoen mailan.

Gerekak eta Barruetabeñak irabazitako estropada berean, Unai Azkunek eta Martin Egañak seigarren postua lortu zuten. Bi hauek, gainera, K1ean ere lehiatu ziren. Egaña 25. izan zen eta Azkunek 35. postuan amaitu zuen. Azkune eta Egaña txapelketa "sorpresa" izan direla azaldu digu Xabier Osa entrenatzaileak, eta beraien lana goraipatu du. Kadeteetan, Helene Carmonak eta Amaia Ortiz de Zaratek bosgarren postuan amaitu zuten K2an; Felix Urangak eta Mikel Casquerok, 15. postuan.

Bestalde, asteburua borobiltzeko, Jose Urtiaga Cenci-k Kantabriako Ason ibaiaren jaitsiera irabazi du, beteranoen mailan.