TSko langileek itxialdian jarraituko dute "Tapia industria sailburuarekin bildu arte"

Baleike 2014ko api. 29a, 17:22

“Pobrezia gorrian gaude, egoera oso larrian”, diote TSko langileek. Itxialdian daude TSko Arroako lantegian, eta hala jarraituko dute. Arantza Tapia Industria sailburuarekin bildu nahi dute, eta horixe eskatu dute, bertaratu dadila Jaurlaritzako sailburua, “gurekin eta eskualdeko beste hainbat langilerekin zer egiteko asmoa duten azaltzera”. Goiz osoan zehar lantegi aurrean izan diren arren, eguerdi aldera erretiratzeko agindua jaso dute ertzainek eta, momentuz behintzat, barrura sartzeko asmorik ez dute agertu. Dena den, barrura sartzen hasten direnean, Zumaian eta Zestoan katxaperoak botako dituzte, herritarrak lantegi aurrera joan daitezen. Urola Kostako Hitzaren bideo honetan ikus dezakezue goizean gertatutakoaren laburpena. 

TSko langileen ordezkariak, Zestoako Udaleko ordezkariak eta Ertzaintza hizketan aritu dira goizean. Zestoako alkate Leire Etxeberria han da, baita Zumaiko alkate Iñaki Arrizabalaga eta Azpeitiko alkate Eneko Etxeberria ere, “langileei babesa adierazten”.

Gaur 19:00etan Zestoako plazatik abiatuta manifestazioa egingo dute TS Fundiciones ez ixteko eskatuz. Arroako enpresan itxialdia egiten ari dira langileak gaur goizean goizetik, eta babes adierazpen batzuk jaso dituzte eskualdeko hainbat eragileren aldetik. Zestoako Udalak eta Azpeitiko eta Zumaiako Sortuk elkartasuna adierazi diete, esaterako. Baita Zumaiako gazte mugimenduak ere.