'Gazte Blokea' sortu dute, prekarietateari aurre egiteko

Baleike 2014ko api. 16a, 09:20

Prekarietatea lantzeko espazio baten beharra izan zen herriko hainbat gaztek izandako Harreman Biraren ondorioetako bat. Horren harira, pasa den larunbatean, hutsune horri nola aurre egin eztabaidatzeko asanblada egin zuten, eta "sistemari aurre egiteko Gazte Blokearen beharra" berretsi zuten. Oinarri batzuk adostu eta San Telmoei begirako egitaraua zehaztu dute; eta, aurrera begira, oinarri horien inguruan eztabaidatzeko konpromisoa hartu dute. Santelmoetarako Gazte Eguna eta Langileon Eguna indartzeko apustua egin dute, Gazte Blokearen sorrera hauspotzeko. Hemen dauzkazue prestatu dute oharra eta egitaraua:

Apirilak 26, larunbata: gazte eguna

14:30ean, herri bazkaria Gaztetxian.

Jarraian, guztiok kalera!

19:30ean, Gazte Blokea TSko langileen manifestaziora.

Maiatzak 1, osteguna: langileon eguna

17:00etan, mahaingurua txosnagunean: Borrokaz egingo dugu!

19:30ean, manifestazioa.

Baldintza negargarrietan lan egiten duten langileak gara, baita lanik ez duten langabetuak ere. Historia manipulatua memorizatzera behartu dituztenak. Kritiko izaten ikasi nahi duten ikasleak. Norbere gorputzaren gain erabaki nahi dutenak. Etxera bidea lasai egin nahi duten neskak. Eta libre izan nahi duten auziperatuak. Gurasoen etxetik ateratzeko aterpe bat behar dutenak gara. Ekonomikoki menpekoak diren horiek. Telebista pareko sofara estu lotu nahi dituztenak. Bizitza honen erritmoak itota dituenak. Zu, ni eta gu gara. Sistemak zapaltzen dituen gazteak gara.

Miseriara, prekarietatera kondenatu nahi gaituzte, baina guk ez diogu uko egingo gazte izateari! EZ DIRA PASAKO!

Jo-puntu berak elkartu gaitu: sistema kapitalista patriarkalak. Eta honen aurreko mugimendu zabal bat osatzea dugu helburu. Horixe da GAZTE BLOKEA.

Gazte Blokearen lana honako puntuetan laburtu dugu:

• Sistemaren erasoen aurreko erantzuna

• Datuen kaleratzea eta kontzientziazioa

• Alternatiba eta aukera desberdinen inguruko hausnarketa eta eztabaida sustatzea

Baina Gazte Blokearen ibilbidea hasi besterik ez da egin. Ez dugu talde bat sortu nahi, guztion artean osatuko den mugimendu bat baizik, harresi bat, espazio bat eratu nahi dugu. Sistema honi aurre egin nahi dion ororentzat.

Elkartu gaitezen, eta alda dezagun! Altxa telebista paretik, lokaleko sofatik, taberna zulotik... eta eraiki dezagun harresia!

Lokarturik nahi gaituzte, baina gure ametsetatik... EZ DIRA PASAKO!