Bost geltoki bailarako historian barrena

Baleike 2014ko api. 14a, 11:04

Ostegun honetan, Aste Santuaren hasierarekin batera, jarriko da martxan aurtengo ‘Bost geltoki historian’ turismo eskaintza. Urolaren bailarako bost zentro edo museo biltzen ditu eskaintza honek. 10 euro balio duen bonoari esker, bost zentrok bisitatzeko aukera dago. Bonoak ostegunean bertan izango dira salgai Algorri zentroan eta turismo bulegoan.

2009. urtean hasi zen bailarako hiru herrietako bost zentroren eskaintza biltzen duen programa hau. Hasiera hartan Zumaiako Algorri zentroa eta Zuloaga museoa, Zestoako Ekainberri eta Azpeitiko Burdinbidearen Euskal Museoa eta Loiolako Santutegia elkartu ziren. Denborarekin aldaketak izan dira. Hala, iaz Zestoako Lili jauregia sartu zen Zuloaga museoaren ordez. Horrez gain, osagarri gastronomikoa ere gehitu zitzaion 2012an, bailarako lau ostalaritzako establezimendutan pintxo-potea dastatzeko aukera eman baitzen.

Urola ibaian gora bidaia geografikoa eta baita historikoa egiteko aukera ematen duen eskaintza honetan honako bost guneek hartzen dute parte:

Algorri, Zumaiako Natur Baliabideen Interpretazio Zentroa: Lurraren historia harkaitzetan jasoa

Ekainberri (Zestoa): Prehistoria – Bailarako lehen gizakien aztarnak.

Lili Jauregia (Zestoa): XVI – XVII mendeak, lurraldeko familia boteretsuenetako baten historia.

Loiolako Santutegia (Azpeitia): XVI.-XVII Mendeak – San Ignazio-ren bizia eta legatua.

Burdinbidearen Euskal Museoa (Azpeitia): XX. Mende hasiera Industrializazio garaia – Urolako Trena.

Bost zentroak bisitatu ahal izateko bonoak edo forfaitak jarri dira eskuragarri. 10 euro balio duten txartel hauek Zumaian Algorri zentroan eta turismo bulegoan izango dira salgai ostegun honetatik aurrera. Bono hauen epemuga apirilaren 17tik abendaren 8ra arte da, bi egunak barne, eta pertsona batetik bestera pasa daitezke.

Pasa den astean Algorri zentroan egin zen aurkezpen ekitaldian jakitera eman zenez, iaz 600dik gora bono saldu ziren. “Gurea bezalako maila baten, kopuru garrantzitsua da”, eman zuen jakitera antolatzaileek.