II. Berdintasun Plana osatzeko lehen pausoak

Baleike 2014ko api. 4a, 15:17

Abiatu da II. Berdintasun plana osatzeko prozesua. Lehen bilera zabala apirilaren 1ean, 18:30ean egin zen Alondegian. Herriko eragile eta norbanakoekin egindako bileran, Berdintasun Foroak, Maria eta Jose ikastetxeak, Osasun zentroak, Herri eskolak, Institutuak eta Olarru Sub kirol elkarteak hartu zuten parte.Lehen bilera hori giro onean joan zen, eta parte hartzaileak bileraren bukaeran balorazio positiboa egin zuten. Bilera horretan sentsibilizazioa lantzeko ariketa bat egin zen, berdintasun politikak lantzeko ezinbestekoak diren kontzeptuak eta horien definizioak lotzeko. Dudak atera eta argitu ziren eta jendeak interes handiz entzun zituen emandako azalpenak.

Bukatzeko, I. Berdintasun Planeko ebaluaziotik ateratako zenbait datu kuantitatibo edo zertzelada plazaratu ziren, eta taldeka datu horien inguruko azterketa eta hausnarketa egin zuten herritarrek.

Hurrengo bilera, maiatzaren 7an 18:30ean izango da Alondegian. Bilera horretan ebaluazioaren ondorio nagusiak azaldu, eta etorkizunerako erronkak edo berdintasunaren planaren helburuen oinarri izango direnak lantzeari ekingo zaio.

Denon plana osatzea helburu

II. Berdintasun Plana guztion artean, bakoitzak beretik eginez, osatzea da helburua. Denon artean, orain arteko indargune eta ahulguneak ikusiz eta detektatuz, horiek aprobetxatu edo hobetzea lortu nahi da. Eta horretarako ezinbestekoa iruditzen zaio Udalari herritarren parte hartzea bultzatzea. Lehen bilera horretara azaldu ziren eragile eta pertsonen interesa eta parte hartzea eskertu nahi du Udalak, eta hurrengo bileran parte hartzea anitzagoa izan dadin lanean jarraituko du.

Bide horretan, herritarren eta eragileen iritzia jaso nahian galdetegi bat prestatu eta herritarrei betetzeko eskura jarri da. Hala, Alondegian, kiroldegian eta udaletxean bertan jarri dira galdetegiak eta jasotzeko postontziak.

Galdetegi horiek berak herriko arlo desberdinetako eragileei ere bidali zaizkie prozesuan parte hartzeko gonbidapenarekin batera, izan ere, oso garrantzitsua da Udalarentzat herritar eta eragile ezberdinen iritzia jasotzea, ebaluazio erreala egin eta bigarren planaren egitasmo sendoa osatzeko.