Udal Gobernuaren erantzuna Montse Aranari

Baleike 2014ko api. 2a, 10:50

"Montse Aranaren esanak irakurrita, badirudi batzuek oraindik hondakinen gaia helburu partidistetarako erabiltzeko prest daudela, adostasunaren eta akordioaren bidea ez zaielako komeni", dio Udal Gobernuak Montse Aranari (EAJ) erantzunez. Hemen prentsa oharra osorik:Lotsagarria iruditzen zaigu Montse Arana EAJren izenean bilketa sistema berriaren inguruan presa sartzen hastea, hasiera-hasieratik dakielako bilketa sistema horren ezarpena martxan dagoela, eta beharrezko lan teknikoak burutzen dabiltzala buru belarri Udaleko zein Udal Elkarteko teknikariak. Izan ere, hondakinen mahaian bertan eta bertatik kanpo etengabe informazioa jaso du EAJk sistema berriaren ezarpen faseen eta uneoro burutzen ari diren lan teknikoen inguruan. Beraz, lanean dabiltzan guztienganako errespetu falta handia da herritarrei ezer egiten ari ez garela esatea.

Dena ez da zilegi, gogo txarra eta konfrontazioa bilatu nahiak besterik ez baitu azaltzen herritarrei “Alkatearen utzikeriaz” aritzea badakienean jende asko ari dela etengabe lanean sistema berria ezartzeko beharrezko aurrelanetan. Itsusia eta faltsua da jarrera hori.

Guk ere jada martxan ikusi nahiko genuke sistema berria, baina horretarako lan asko egin behar da (gogoratu inon ez dagoela martxan sistema hori) eta horretan ari gara. Beraz, gure partetik lanean jarraituko dugu azken urtean etengabe eta izerdi asko botata ari garen moduan. Eta noski, Udaleko zein Udal Elkarteko teknikariei babesa eskainiko diegu, lanak ondo egiten ari direlako, eta horretarako denbora behar delako. Bitartean, hobe luke Montse Aranak eta EAJk lan hauek laguntzen saiatzea, oztopatu eta giro txarra sortu ordez. Helburua birziklapena hobetzea da, ez botoak irabaztea.