Autobus zerbitzua hobetzeko proposamenak azalduko ditu Aldundiak asteazkenean

Baleike 2014ko mar. 28a, 10:10

Autobus zerbitzua hobetzeko herritarrek egindako proposamenak ezagutzera eman eta iritzia jasoko da herriz herriko bileretan. Herritarrek egindako 3.000 proposamenetatik % 75 onartu ditu Aldundiak. Zumaian asteazkenean, apirilaren 2an, egingo da bilera, 19:00etan, Alondegian.

Urola Kostako zerbitzuei dagokionean, hobekuntza nagusienak honakoak dira landutako proposamenean: Donostiako eta Zumarragako ospitaleetara zerbitzu egokiagoa jartzea; garraio aldaketak ahalbidetzeko ordutegiak egokitzea, bai beste autobus batzuk hartzeko bai EuskoTrenen tren zerbitzua erabiltzeko; herri txikienen loturak bermatzea, eta beste eskualde batzuetarako loturak areagotzea, batez ere, Urola Garaira eta Debabarrenera.

Era berean, hainbat eskari onartuak izan arren, ez dira aurreproiektuan azalduko, aurreproiektuaren eremua gainditzen dutelako. Esaterako, autobus zerbitzuari buruzko informazioa hobetzea izan da eskaera nagusietako bat, eta horretarako Aldundia jada lanean ari da webgune berria egiteko, mugikorretarako aplikazioak sortzeko, ordutegiak linea guztietan modu ulergarrian eta bateratuan emateko eta abar.

Bilerei dagokionean, Zumaian datorren asteazkenean, apirilaren 2an, arratsaldeko 19:00etan egingo da, Alondegian. Etxeetan banatutako esku-orrietako galdetegia herriko gune ezberdinetan jarritako postontzietan sartu ahal izango da, eta baita Lurraldebuseko autobusetan ere.

Parte hartze prozesua

Gipuzkoako Foru Aldundiak hainbat eskualdetan autobus garraio zerbitzua berria jarri behar zuen (emakidak iraungita daudelako), eta hori aprobetxatu du ohiko eran egin beharrean herritarren parte hartzearekin egiteko. Horregatik, 2013ko urrian zerbitzua berritzeko prozesua martxan jarri zuen, eta orain prozesu horretako bigarren parte hartze prozesua hastera doa, inoiz Gipuzkoan egin den parte hartze prozesu zabalenetako batean.

Lehen fasea 2013ko urria eta azaroan zehar egin zen. Fase horretan Gipuzkoako 56 herritako 3.000 lagunek baino gehiagok egin zituzten ekarpenak autobus zerbitzua hobetzeko. Ekarpen horiekin idazketa teknikoa egin da, eta autobus zerbitzu berriaren proposamena landu da. Egindako ekarpenen % 75 inguru onartua izan da.

Orain hasiko den fasean Aldundiaren proposamena aurkeztuko zaie herritarrei, zein aldaketa izan diren azalduko zaie, baita lehen faseko zein ekarpen onartu diren ere, zeintzuk ez diren onartu, zergatiak eta abar. Baina, horrez gain, herritarrei, eta baita udalei ere, aukera emango zaie berriro iritzia emateko eta aurreproiektuen inguruan nahi dituzten ekarpenak egiteko. Lehenengo fasean ekarpena egin zuten guztiei proposamena helaraziko zaie eta ekarpenak egiteko aukera emango zaie. Ondoren, talde teknikoarekin fase honetan jasotako ekarpenak edo alegazioak kontrastatuko dira. Ekarpenak apirilaren 15a bitarte egin ahal izango dira, herri guztietan antolatutako bileretan, www.garraioahobetzen.net webgunean, edo etxeetara zabaldu den esku-orriaren bidez. Jasotako ekarpen guztiekin behin betiko proposamena landuko da. Urrian, eskualdeko bileretan aurkeztuko da behin betiko proposamen hori, eta lehiaketara atera ondoren, 2015eko urtarrilean zerbitzu berriak martxan egotea aurreikusi da.