Gazte topaketaren balorazioa egin du Harreman Birako lan-taldeak

Baleike 2014ko mar. 27a, 17:04

Gazteak zerk kezkatzen dituen eta kezka horien aurrean zer jarrera duten aztertu dute sei hilabetez, herriko hainbat gazte elkarrizketatuz. Ondorioak elkarrekin partekatzeko gazte topaketa egin zuten larunbatean, eta ekimena dinamizatu duen gazte taldeak ohar hau prestatu du, balorazio modura:

Larunbateko gazte topaketen ondoren, esan dinamikaren ibilbideari bukaera eman diogu. Larunbat goizean denok batera gosaldu ondoren talde txikitan banatu eta eztabaidei hasiera eman genien. Horietan harreman birako hiru blokeei buruz hitz egiten aritu ginen eta esperientzia zein iritziak trukatu genituen. Hainbat ondorio nagusi atera genituen: alde batetik, kezka guztiek oinarri bera dutela, hau da, sistema dela arazoen oinarria eta bestetik, gazteok ditugun kezkak kolektiboak direla.

Guzti horretan gure jarrerak paper garrantzitsua duela eta ezer egin ezean sistema elikatzen ari garela identifikatu genuen. Aktibazio faltari konponbidea emateko guneak behar ditugula ikusi genuen eta problematika desberdinei aurre egiteko hainbat espazio jada badaudela ikusita, orokorrean sozio-ekonomia eta gazteen prekarietatea lantzeko gune bat sortzearen beharra ikusi zen.

Esan dugu. Zeresana garelako eta zeresana dugulako. Esan nahi dugulako, eta izan nahi dugulako. Bidea elkarrekin egingo dugulakoan, IZAN ZERESAN!