Apiril amaieran hasiko dira Beheko plazako lanak eta horrek kezka eragin du ostalariengan

Baleike 2014ko mar. 27a, 16:50

Beheko plaza berritzeko lanak apiril amaieran hasiko dira eta hiru hilabeteko iraupena izango dute, gaur Iñaki Agirrezabalaga alkateak jakinarazi duenez. Lanak uztailera arte luzatuko direla ikusita, plazako merkatari eta ostalariek "kezka eta egonezina" azaldu diote Udalari gutun baten bidez, urteko sasoi onenean lana ezingo dutelako behar bezala egin. Alkateak arrazoitu du 100.000 euroko diru-laguntza lortu ahal izateko lanak maiatza baino lehen martxan egon behar dutela. Hala ere, dendari eta ostalarien kezka ulertzen duela dio, eta lanak nola antolatu elkarrekin adostuko dutela, "kaltea ahalik eta txikiena izan dadin".

Beheko plazak berritzeko premia duenik ez du inork zalantzan jartzen. Horretan ados daude Udala eta ostalariak. Zuloaga plazarekin bat egin eta plaza handitzeko proiektuari ere eusten dio Udalak, aurrera begira. Baina oraingoan "txukunketa" lanak egingo dira. "Plazako lurra altxako da, hodiak-eta berritzeko; eta horrekin batera, zorua berrituko da, eserlekuak, argiak...", azaldu du alkateak. Guztira, 400.000 euro inguruko aurrekontua. Kontua da Udalak 100.000 euroko diru-laguntza bat lortu duela Gipuzkoako Foru Aldunditik, baina diru-laguntza hori eskuratzeko baldintza jakin batzuk bete behar dira. Epeak dira horietako bat. "Apirila amaitu baino lehen martxan egon behar dute lanek. Beheko plazako dendari eta ostalariekin bildu ginenean adierazi genien baldintza hau, eta konpromisoa hartu genuen Aldundian galdetzeko ea malguago joka zitekeen. Aldundian erantzun ziguten epea berbera dela udal guztientzat eta bete egin behar dela. Beraz, ez zaigu beste aukerarik gelditzen. Diru asko da eta ezin diogu muzin egin".

Horrek kezka eta egonezina eragin du plazako merkatari eta ostalariengan, eta idatzi bat aurkeztu dute udaletxean. Dagoeneko krisialdiak gogor kolpatu ditu herriko negozio gehienak, eta uste dute lanek egoera larriagotu baino ez dutela egingo: "Lan hauek urteko sasoirik altuenean egiteak, eutsi ezinekoa den egoera hau larritu besterik ez du egiten. Udako sasoian terrazek sortzen duten mugimenduaren ondorioz gure negozioentzako garairik errentagarriena hori dela kontutan izanda guztiz babesik gabe sentitzen gara jarduera honen aurrean".

Aipatutako arrazoiengatik, bi eskaera egin dizkiote Udalari. Batetik, lanak egiteko datak eta planak zehazteko beraien iritzia kontuan hartzea; bestetik, aurrerantzean egingo diren obren epeak eta plangintzak erabaki aurretik iritzia eskatzea. Merkatarien Elkarteak ere bidali du gutuna udaletxera, eta aurrez azaldutako argudioetan sakontzen du. Merkatari Elkarteak proposatzen du gai hauek eztabaidatzeko gune egokiena Zumartian dela, hirugarren sektorea dinamizatzeko sortutako plataforma.

Alkatea ados dago Beheko plazako merkatariek egindako eskaerekin, zentzuzkotzat jotzen ditu. "Beraiekin bildu ginen plaza berritzeko asmoak esplikatzeko, beraien iritzia jasotzeko. Baina epeak ez ditugu guk zehaztu, berriro diot: diru-laguntza garrantzitsuegia da muzin egiteko, are gehiago garai hauetan. Gure konpromisoa da lanak antolatzeko orduan beraien iritzia kontuan hartuko dugula, ahalik eta kalte gutxien eragiteko".