"Ordu edo leku jakin batzuetan txakurrak lotu gabe ibiltzeko aukera eskatzen diogu Udalari"

Baleike 2014ko mar. 11a, 17:31

Etxeko animalien ordenantza berriari helegiteak aurkezteko epea ostegunean amaituko da. Txakurrak dauzkan herritar talde bat sinadurak biltzen ari da Udalari zenbait eskaera egiteko asmoarekin. "Iruditzen zaigu arau berriak oso atzerakoiak direla eta txakurren eskubideen aurka doazela", esan digu Begoña Egiraok.

Oharra: Udalak onartzen du txakurrek aske ibiltzeko aukera izan behar dutela

Gaur arte indarrean egon den ordenantzak txakurra lotu gabe eramatea baimentzen du, jabearen alboan joanez gero. Ordenantza berriarekin hori bukatu egingo da, txakurrak kalean lotuta joan beharko dute uneoro. Eta txakurren jabeak ez daude ados. "Hori ez da batere ona txakurrarentzat. Txakurrak libre egoteko premia du, beste txakurrekin sozializatzeko, bere osasunerako. Txakurra beti lotuta badago, orduan bere izaera zaildu egiten da, arriskutsuagoa izan daiteke. Erabaki hau oso atzerakoia da, Europako joeraren kontra doa, eta txakurren eskubideak urratzen ditu", dio Begoña Egiraok.

Udalak antolatutako bilera batean izan zuten ordenantzaren edukiaren berri. "Guk orduan esan genien ez genuela ondo ikusten eta proposamen pare bat ere egin genien. Ez digute kasurik egin, eta orain helegiteak aurkeztu beste aukerarik ez daukagu". Jabeen proposamena da gutxienez leku edo ordu jakin batean libre eduki ahal izatea txakurra. "Leku edo ibilbide batzuk mugatu ditzatela; adibidez, kalean lotuta, baina Gernikako parketik araztegi aldera, edo parke batzutan askatzeko aukerarekin. Edo bestela ordutegia jar dezatela, goizeko lehen orduan edota gauez askatzeko aukera".

Isunak 60 eta 300 euro artekoak izan daitezke, eta kexu dira ez delako zehazten nork duen isuna jartzeko gaitasuna. "Udaltzainaz gain, ordenantzak dio Udalak izendatutako beste norbaitek ere jar ditzakeela isunak. Hori ez zaigu oso legezkoa iruditzen. Garbi egon beharko litzateke nork duen autoritatea". Kexu dira, baita ere, gaur egungo araudia ez delako betearazten: "Adibidez, jabeak ez duenean txakurraren kaka jasotzen zergatik ez da isunik jartzen? Batzuk jasotzen dugu, baina txakur jabe asko daude ez dutenak kaka jasotzen. Udaltzainek ez dute ezer egiten".

Onartzen dute gero eta txakur gehiago daudela Zumaian, eta jabeentzat ikastaroak antolatzea proposatzen dute. "Asko lagunduko luke jendeak txakurra ekarritakoan astebeteko ikastaroa egingo balu, txakurra kontrolatzen ikasteko. Hori neurri egokiagoa iruditzen zaigu debekuaren bide hartzea baino".

Helegitea aurkezteko sinadurak ari dira biltzen. "Denbora gutxi dago, baina zenbat eta sinadura gehiago bildu indar gehiago egingo dugu". Leize eta Kabi tabernan, Ana zapidendan eta A3n sina daitezke helegiteen orriak. Ostegun goizean jasoko dituzte udaletxean aurkezteko.