Torreberriri buruzko erabakiak har ditzan eskatzen dio EAJk Udalari

Baleike 2014ko ots. 27a, 08:49

“Istripu baten aurrean nor egiten da erantzule?” galdetzen du Montse Arana bozeramaleak. Hemen irakur dezakezue EAJk bidalitako prentsa oharra:

Zumaiako EAJk oso kezkatuta dagoela adierazi du berriro, alkateak eta bere udal gobernuak “behingoz Beheko plazako Torreberri eraikinaren erabilpena eta bertan gauzatzen diren ekimenak arautzeko eta legeztatzeko erabakirik ez duelako hartzen” .

Bozeramale abertzale Montse Aranak gogoratu du eraikina ludoteka eta ekipamendu kulturalak hartzeko proiektatu zela baina “ezker abertzalea gobernura heldu zenean proiektua aldatu zuen Gaztetxe bilakatzeko”.

Egoera berri honen aurrean zinegotzi jeltzaleok “instalakuntza hauen erabilpena egiten duten hainbat talderen kezka jaso eta mozio bat aurkeztu genuen non Torreberrin gauzatzen diren jarduera berriak legeztatzeko espedientea martxan jar zezan exijitzen genion alkateari eta horretarako arauak ezartzeko, eraikinak hartzen dituen erabilpen eta ekitaldiak modu egokian burutu ahal izateko. Urrian, eta kontzertu baten ondoren egondako kexa ugari medio, alkateari zuzendutako eskaera bat sartu genuen, udaltzain eta udal teknikariek lokalen egoeraren berri emanez txostenak idatz zitzaten baina ez genuen erantzunik jaso” baieztatu du Aranak

“Ez genuen ere erantzunik jaso sarrerak kobratzea aurreikusten ez duen eraikin publiko batean, partikular batzuk antolatutako ekimen baterako sarrera kobratzearen legezkotasunari buruz, egindako galderari” azpimarratu du

Hori dela eta galdetu du “zergatik udalak indarrean dagoen araudia betetzea eskatzen dio ekimen bat aurrera eramatea nahi duen edozein zumaiarri eta berriz, beste aldera begiratzen du Gaztetxea denean? Istripu baten aurrean nor da erantzulea?”

Era berean Aranak zera jakinarazi du: “udalak batzordean informatu zuen Torreberriko jarduera legeztatzeko proiektuaren inguruan baina Iñaki Arrizabalaga alkatea bera izan zen azpimarratu zuena ´ informazioa ematen ari zela, soilik ´ inolako konpromisorik hartu gabe”. “Horregatik -gehitu du- udalak ez du partidarik aurreikusi 2014ko aurrekontuetan nahiz eta txotenak dioen jarduera berria legeztatzeko egin behar diren obrak 81.525 eurotako kostua izango duela. Ezta Torreberriko jarduera erregulartzeko beste aukerarik ere”.

Zehaztasun ezeko egoera honen aurrean, bozeramale jeltzaleak alkatea animatzen du “legea eskutan, horretarako duen ahalmena erabiliz, batzordea edota osoko bilkura ahalik azkarren dei ditzan, ezohizkoa bada ere, eta horrela erabaki egokienak hartu eraikinaren gaur egungo erabilpenak legeztatzeko eta edozein motatako gertakariren aurrean erantzule juridikoa izan beharko lukeena zehazteko”.