TS Fundiciones itxi egingo dute

Baleike 2014ko ots. 14a, 20:11

TS Fundicioneseko jabeek enpresa batzordeari jakinarazi diote enpresa likidazioan sartu dutela, eta beraz, itxi egingo dutela. Zuzendaritzaren arabera, “akordioak lortzeko ezintasunak” bultzatu du enpresa ixtera. "Iruzur" egin dietela salatu dute langileek. 156 langile geldituko dira kalean. [Urola Kostako Hitza] Gaur eguerdian elkartu dira bi aldeak, eta zuzendaritzaren erabakiak ezustean hartu ditu beharginak; “sindikatu bakoitzetik ordezkari bana deitu gaituzte, bezero baten inguruan hitz egin behar genuela esanez. Joan garenean, lantegi aurrea ertzainen patruilez beteta zegoen, eta bilerara joandakoan likidazioaren berri eman digute”, adierazi du enpresa batzordeak. TS itxita, hango 156 langile langabezian geratuko dira.

“Iruzur egin digute; beste behin gezurretan ibili dira”, salatu dute beharginek. Horien arabera, zuzendaritzak “aurrez ondo estudiatuta zuen guztia”. Hartzekodunen konkurtsoan zegoen enpresa, hasiera batean enpresak aurrera jarrai zezan negoziatzeko.

Zuzendaritzak agiri baten bidez arrazoitu duenez, “akordiorik ez egoteak ez du ez itxaropenik ez etorkizunik uzten”. Haien arabera, 50 langile kaleratu eta besteei soldatak jaitsi eta lanaldia luzatu gabe ez zegoen enpresa bideragarri egiteko planaren bigarren urratsa indarrean jartzerik, hots, hornitzaileekin, erakundeekin eta bankuekin negoziatzea. Azken hilabeteetan lan arloko negoziazioan “aurrera pausorik” egin ez dela adierazi du TSk, “enpresa batzordeak eskatzen zuelako soldatak (Gipuzkoako metalgintzako hitzarmenaren %50 handiagoak) eta 35 orduko lanaldia mantentzea”.

Langileek, berriz, gogor salatu dute jabeen jarrera; “negoziatzeko borondatea zutela esaten ziguten, baina orain ikusi dugu zein zen beraien benetako asmoa”. Langileen arabera, Itziarko eta Aguraingo lantegietan “lanez gainezka” dabiltza, eta “langileak hartzen ari dira”. “Zestoako lantegia husten ari zirela ikusten genuen, baina langileak lanera joaten ginen bitartean. Atzo bertan esan ziguten 7.000 tona burdin izango genituela aurten”.

Soldatak Bermatzeko Funtsetik (Fogasa) jasoko dituzte kalte-ordainak; “soldatei dagokienez, gehienez 4.500 euro emango dizkigu langileei. Aurretik, ordea, enpresak 8.000 euro zor dizkigu langile bakoitzari”. Horrez gain, tailerra itxita, aurre-jubilatutakoei eta aurretik kaleratutakoei zor dien dirua “galdu” egingo delakoan dira.