Euskal Herriko Karta Soziala osatzeko bilerak egingo dituzte Zumaian

Baleike 2014ko urt. 16a, 13:45

[/caption]

Atzo iluntzean Karta Soziala izeneko ekimena aurkeztu zuten Zumaiako hainbat eragilek Alondegiko Oxford aretoan. Egun Euskal Herriak bizi duen egoera sozialari herritarren ekarpenetatik abiatuta irtenbidea ematea da Euskal Herri mailan deitu duten egitasmoaren helburua. Nazional mailako 47 eragilek pil-pilean dauden 12 gai oinarri hartuta, karta sozialaren zirriborroa egin dute, eta gai horien inguruan hausnartu eta ondorioak ateratzeko bilerak deitu dituzte hainbat herritan, tartean Zumaian. [Urola Kostako Hitza]

Martxoaren 29an amaituko da parte-hartze prozesua, eta jasotako proposamenekin behin betiko Euskal Herriko Karta Soziala idatziko dute. Ondoren, euskal herritarren Karta Soziala erakundeei aurkeztuko diete, eta eragileek eta erakundeek elkarlanean egoera konpontzeko ekimenak martxan jartzea da antolatzaileen asmoa.

Urtarrilaren 29erako deitu dute lehen bilera Zumaiako Branka egoitzan 19:00etatik aurrera, eta eragile eta norbanakoei bertan parte hartzeko deia luzatu diete LAB, ELA eta ESK sindikatuetako ordezkariek eta ekimena babesten duten Zumaiako gainontzeko eragileek. LAB sindikatuko ordezkari Pello Enparan zumaiarraren esanetan “lotsak alde batera utzi eta egoera honi irtenbidea emateko asko egin dezakegula ikusi behar dugu herritarrok. Ez da jakintsua izan beharrik norberaren iritzia emateko, norbere esperientziatik abiatuta ekarpen baliagarriak egin ditzazkegu”. Zumaiako eragileen asmoa zumaiarrei gehien kezkatzen dieten gaiak aukeratu eta horien inguruan hausnartzea da.

Karta Sozialak bere baitan hartzen dituen gaiak

- Ingurumena.

- Lan eskubideak: lan banaketa eta enplegu duina izateko eskubidea.

- Eskubide ekonomikoak: politika ekonomikoa, finantza sistema, prestazio sozialak eta aurrekontuak.

- Giza eskubideak: osasun sistema, hezkuntza eta etxebizitza izateko eskubidea.

- Zaintza.

- Parte-hartzea.

- Emakumeen aurkako indarkeria.

- Jatorri aniztasuna.

- Kultura.

- Hizkuntza eskubideak.

- Sexu aniztasuna.