Urkullu lehendakaria Korta enpresaren 50. urteurrenean izan da

Baleike 2014ko urt. 15a, 12:54

Iaz bete zituen Kortak mende erdi, baina gaur goizean egin du lehendakariak bertara bisita.Enpresa aurrean kokatuta dagoen Joxe Mari Korta zenaren oroigarriaren aurrean ekin dio Urkullu lehendakariak bisitari. “Gaurko bisita Joxe Mari Korta oroituz eta omenduz hasi nahi izan dugu, bere baloreak herriaren etorkizunerako eredu baitira” azaldu du Urkulluk.

Arantza Tapia, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailburua, bertan izan da, eta biak, enpresaren nondik norakoak ezagutu dituzte Kortako zuzendari nagusia den Andoitz Kortaren azalpenen bidez. “Ohore bat izan da lehendakaria gure etxean izatea, batez ere, orain gutxi 50 urte bete ditugunean” esan du Joxe Mari Kortaren semeak.

Aitzindaritza, elkarlana eta konpromisoa dira Korta enpresa ongien definitzen dituzten hiru ezaugarriak. “Hain zuzen, Joxe Mari Kortak berak berresten zituen baloreak” aipatu du lehendakariak. Korta enpresak beti izan du hobekuntzarako eta lehiakortasunerako jomuga; inbertsioa eta berrikuntza giltzarri izanik, merkatu berrietara zabaltzeko helburua lortu dute. Egun, 10 herrialdeetan baino gehiago du presentzia.

Eusko Jaurlaritzarentzat, euskal industria garatzea eta bultzatzea da egungo lehentasun nagusia, eta lehendakariaren hitzetan, “Korta enpresan laburbiltzen dira gure ekonomiaren erronkak”. Hain zuzen, urte hasieratik industria makina berritzeko ekimen bat jarri dute martxan. Egitasmo honek 9.5 milioi euroko inbertsioa suposatu du Jaurlaritzarentzat, eta guztira, makinaren sektorean, 63 milioi euroko inbertsioak egiteko ahalmena eman ditzake aurten. “Beti ere, makinaren merkatuari laguntza emanez eta inbertsio publikoaren eta pribatuaren indarra elkartuz” gaineratu du Urkulluk. Amaitzeko, elkarlanaren eta akordioaren beharra azpimarratu du, “bizi dugun egoera ekonomikoari aurre egiteko”.