Tindoufen izan dira Darahliko hiru gazte

Baleike 2013ko abe. 19a, 09:57

Saharar errefuxiatuen kanpalekuetan zortzi eguneko egonaldia egin dute Darahli elkarteko hiru gaztek, Zug herriarekin daukaten lankidetza proiektuari segida emateko helburuarekin. Darahli bere eskutik bultzatzen ari den proiektuak betetzen ari direla ikusi ahal izan dute, baina kanpalekuetako egoera "tristea eta larria" da, Europatik eta bereziki Espainiatik jaso ohi dituzten laguntzak %70 murriztu dira, eta elikagai eta sendagai premia larriagotu egin zaie. Hori dela eta, zumaiarrei ahalegin berezia eskatu nahi diete, urtarrilean egingo den janari bilketan laguntza eman dezaten.

Darahlik eramandako 21 eguzki plakak izendatuta zeuden familien artean banatu direla baieztatu ahal izan dute hiru gazteek. Horrez gain, senidetze proiektuaren barruan, behar handia duten 46 familiei gutuna eta 100 euroko laguntza banatu zaie aurten. Eta urrian eta azaroan bildutako sendagaiak Ausserdeko erietxean entregatu dituzte.