Franco eta Carrero Zumaian izan zirenekoa

Baleike 2013ko abe. 18a, 12:28

Ostiralean 40 urte beteko dira Carrero Blanco atentatuan hil zela. Francisco Franco Espainiako diktadorearen oinordekotzat zuten askok, baina ETAk 1973ko abenduaren 20an akabatu zuen, kotxea pasatzen ari zela lehergailua zartaraziz. Bada, Pello Etxabek gogora ekarri digu Franco eta Carrero Blanco bera Zumaiara etorri zirela 1953an, Zuloaga museora bisitan. Garaiko egunkariek jaso zuten bisitaren kronika, eta hemen ikus dezakezuen argazkia La Vanguardiak argitaratu zuen azalean. Horrez gain, hemen ikus ditzakezue faxista italiarrak Zumaian izan zireneko argazkiak, 1937koak eta 1940-41ekoak.

1953ko abuztuaren 12an etorri zen Zumaiara Franco diktadorea, eta harekin batera, besteak beste, Carrero Blanco bera –garai hartan presidentetzako ministro idazkariordea–. Tuberkulosiaren kontrako erietxe bat inauguratu zuten aurrena Amaran (Donostia), eta handik Zumaiara etorri ziren, Zuloaga museoak zabaldu zuen areto berri bat bisitatzera. Juan Belmonteren erretratua gustatu omen zitzaion gehien Francori.

El Diario Vascok ere jaso zuen Francoren bisita bere orrietan. La Vanguardiaren kronika oso antzekoa da DVrena, baina amaieran gehitzen du Zumaiatik Aieteko jauregira (Donostia) bueltan, "errespetuzko eta sinpatiazko lekukotzak" jaso zituztela etengabean. Handik 20 urtera, airean lehertu ziren Carrero Blancoren bizitza eta Francoren oinordekotzarako planak.