Euskararen Aholku Batzordeak Manuri

Baleike 2013ko aza. 30a, 09:59

Egun on, Manu. Eguna triste argitu zian atzo, Manu. Lainotsu, malko-giro, hotzaldi handi batek hartu zizkiguan bihotzak. Zuhaitzen adarrak huts, biluzik, txorien kantuak mutu.

Utzi egin gaituk, joan egin hatzaigu oroitzapenen gerora. Umezurtz utzi gaituk herriko hainbat eta hainbat euskaltzale.

Euskararen hazia emaro, ugari ereinda joan haiz. Eta ereindako hazi horrek emango ditik bere fruituak. Emango? Emanak ditik oparo. Zenbat gazte euskaldun, beste batzuekin batera, duela 50 urte herriko ikastolan erein zenuten hazi haietatik, zenbat lili eder eta galburu urrezko bertso-eskolan zabaldu hituen haietatik…

Apal, umil, langile fin nekaezin. Zarata handirik gabe, burrunba handirik gabe, gure hizkuntzak non behar, hi han izan hau beti. Han gazteen artean, gazteak adoretuz; han gure hizkuntza ikasten ari zirenen artean beren lana eta ahalegina aitortuz; han, hamaika gaztetxo handik hona eta hemendik hara eramanez… Euskara beti buruan. Eta beti apal, umil eta irribarretsu.

Eskerrik asko, Manu. Hik ereindako hazi horrek loratuko ditik gure hizkuntzaren baratzeko kimu berriak, bizituko ditik gure sutondoko suaren garrak. Hik ereindako hazi horrek loratuko dik lore berri bat herriko euskaltzale guztion bihotzean.

Hor izango haugu, Manu, gaur ere gure hizkuntzaren aldeko kalejiran guztion aurretik bidegile. Hor ilunabarrean izar distiratsu, bide erakusle.

Agur eta ohore, Manu. Ahaleginduko gaituk hirekin egin dugun zorra behar den moduan ordaintzen.

Euskararen Aholku Batzordea